Politika -

Kanpainaren amaiera

A9an parte-hartze 'handia' izatea eskatu dute ANCk eta Omniumek

“Askatasunak debekatzen, eskubideak ukatzen eta herritarrak mehatxatzen dituen Gobernu bat ez dugu nahi. Kataluniako errepublika bat nahi dugu”, adierazi du Forcadellek.

Kanpainaren amaiera festa ospatu dute galdeketaren aldekoek

2:52

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako errepublikarantz aurreneko pauso bat emateko azaroaren 9ko prozesuan parte-hartze “handia” izatea eskatu dute Carme Forcadell ANCko eta Muriel Casals Omnium Culturaleko presidenteek.

ANCk eta Omniumek kanpaina amaiera ekitaldia egin dute gaur. “Askatasunak debekatzen, eskubideak ukatzen eta herritarrak mehatxatzen dituen Gobernu bat ez dugu nahi. Kataluniako errepublika bat nahi dugu”, adierazi du Forcadellek.

Azaroaren 9a Kataluniako independentzia lortzeko “atzera bueltarik ez duen puntua” dela azaldu du Casalsek. Hala ere, bi elkarteek nahi zuten autodeterminazio erreferenduma ez dela onartu du.

“Xede izanez gero, balio juridikorik ez duen ekitaldi batek ondorio politikoak izatea lortuko dugu”, gaineratu du Casalsek. Askatasunera hurbiltzeko kataluniarren demokrazia eta oinarrizko eskubideak defendatzeko A9 jendetsu bat lortzea oso garrantzitsua dela azaldu du Omniumeko presidenteak.

Auzitegi Konstituzionalaren aurka egin du Forcadellek, bozketa bi aldiz bertan behera uzteagatik, lehenengo kontsulta eta ondoren parte hartzeko prozesua. “Auzitegiek ez dute gure etorkizuna erabakiko. ‘Bai-bai’, ‘bai-ez’ edo ‘ez’ bozkatuko dugu, baina bozkatuko dugu. Bozkatuko dugu, bozkatzeko eskubidea inork ukatu ezin digulako”, esan du ANCko buruzagiak.

Nahiz eta Exekutibo zentralak “oztopoak” jarri, igandean bozkatuko dutela ziurtatu du Joan Rigol Erabakitzeko Eskubidearen aldeko Itun Nazionaleko koordinatzaileak.

'Herrialde berri bat has dezagun'

'Herrialde berri bat has dezagun' lelopean, harresi bat botaz hasi dute ekitaldia, azaroaren 9ko kontsulta eta Berlingo harresia behera bota zuten eguna (1989) alderatuz; izan ere, biak data berean gertatu ziren edo egingo dira.

Bestalde, Bartzelonako bizilagunek eltze-joaldia egin dute laugarren egunez jarraian, Konstituzionalak hartutako erabakiaren aurka protesta egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea