Politika -

Kataluniako prozesua

A9ko galdeketa: 1.255 lokal, 8.000 hautestontzi eta 40.930 boluntario

Kataluniako herritarrek prozesuan laguntzeko erakutsi duten borondatea ikusita, hasieran pentsatuta zutena baino gune gehiago egokituko dituztela esan dute antolatzaileek.

8.000 boto-kutxa jarriko dira Katalunia osoko 942 herritan.
8.000 boto-kutxa jarriko dira Katalunia osoko 942 herritan.
8.000 boto-kutxa jarriko dira Katalunia osoko 942 herritan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azaroaren 9ko kontsulta alternatiboa egiteko azpiegitura prest dute Katalunian. Joan den hilean eman zituen Joana Ortega Kataluniako Gobernuko presidenteordeak prozesu parte-hartzailearen inguruko xehetasun nagusienak; 1.255 lokal zabalduko dituzte Katalunia osoko 942 herritan (orotara, 947 herri daude Katalunian), eta 6.430 parte-hartze gune eta 8.000 boto-kutxa baino gehiago jarriko dituzte. Galdeketan parte hartu nahi duten kataluniarren % 99k euren herritik mugitu gabe eman ahalko dutela botoa nabarmendu  du Kataluniako Gobernuak.

Kataluniako herritarrek prozesuan laguntzeko erakutsi duten borondatea ikusita, hasieran pentsatuta zutena baino gune gehiago egokituko dituztela esan zuen  Ortegak. 40. 930 pertsonak eman dute izena azaroaren 9ko antolaketa-lanetan laguntzeko. Gobernuak 20.000 lagun behar zituela esan zuen.

Presidenteordearen esanetan, azaroaren 9an parte hartu dezaketen pertsonen unibertsoa 5,4 milioikoa da gutxi gorabehera, eta horiei atzerrian bizi diren katalanak batu behar zaizkie.

16 urtetik gora izan eta Katalunian bizilekua duten herritarrek eman ahalko dute botoa, NAN agiria erakutsita, eta baita atzerritarrak izanik ere Katalunian bizi eta Atzerritarraren Identifikazio-zenbakia duten pertsonek. Atzerrian bizi diren katalanek ere izango dute parte hartzeko aukera. Hala, atzerrian 17 parte-hartze gune zabalduko dira: Berlin, Brusela, Copenhague, Paris, Milan, Londres, Montreal, New York, San Jose, Buenos Aires, Sao Paulo, Bogota, Mexiko hiria, Santiago (Txile), Tokio, Hong Kong eta Sydney.

Nortasun-agiria eskatuko zaie botoa eman nahi dutenei, eta agiri horretan jasota duten helbideari dagokion barrutian emango dute boza. Bakoitzak botoa non eman behar duen jakiteko, Participa14 webgunean egin ahalko da kontsulta, asteazkenetik aurrera. Udaletxeetan eta 012 herritarrak artatzeko telefono zenbakian ere xehetasun guztiak emango dituzte.

Bozketa azaroaren 9an egingo da eta behin-behineko emaitzak hurrengo egunean jakinaraziko dira. Pisuzko arrazoiengatik botoa ematerik ez dutenek alegazioak aurkezteko aukera izango dute, eta onartuz gero, 15 eguneko epea izango dute horretarako.

Boluntarioak

20.000 boluntario eskatu zituen Artur Mas Kataluniako presidenteak, igandeko galdeketaren antolaketan laguntzeko. Urriaren 27an itxi zuten boluntario bezala izena emateko epea, eta denera, 40.930 pertsonek eman dute izena.

Igandean  izango duten eginkizunaren arabera boluntario talde ezberdinak osatu dituzte. Planifikazio zehatz bat egin dute, eta datorren iganderako boluntario bakoitzari ordutegi eta gune une jakin bat jarri  zaio.  NAN agiria eta boluntarioa dela frogatzen duen ziurtagiria (mezu elektronikoa) erakutsi beharko dute.

Inpartzialtasuna bermatzeko, boluntarioei  jarrera jakin baten aldeko janzkerarik edota osagarririk ez eramatea eskatu zaie.  Boluntario izateagatik ez da ordainsaririk emango eta laneko baimen berezirik ere ez.

Ordutegiak

07:30 – 08:00  Boluntarioek dagokien lekuan egon beharko dute

09:00  Botoa emateko lokalak eta parte-hartze mahaiak zabalduko dira

13:00  Goizeko  parte-hartze datuak emango dituzte

20:00 Botoa emateko lokalak  eta parte-hartze mahaiak itxiko dira

21:00-22:00  Behin betiko parte-hartze datuak emango dituzte

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako erreferenduma