Politika -
Parte-hartze prozesua
A9-aren aurkako helegitea baliogabetu ala ez erabakiko du gaur Gorenak
Espainiako Gobernuak Konstituzionalean sartu zuen inpugnazioaren eraginak, behin behinean, bertan behera geratzeko eskatu dio Generalitateak Auzitegi Gorenari.
Erredakzioa
Auzitegi Gorenak gaur erabakiko du Espainiako Gobernuak azaroaren 9an Katalunian egin asmo duten parte-hartze prozesuaren aurka aurkeztutako helegitea bertan behera uzten duen ala ez.
Kataluniako Generalitateak helegitea aurkeztu du Auzitegi Gorenean, Espainiako Gobernuak Konstituzionalean sartu zuen inpugnazioaren ondorioak, behin behinean, bertan behera gera daitezen eskatzeko.
Gorenak atzo eztabaidatu zuen Espainiako Ministroen Kontseiluak hartutako erabakia baliogabetzearen inguruan, eta gaur hartuko du erabakia, aipatu auzitegiko iturriek jakitera eman dutenez.
Izan ere, Espainiako Gobernuak azaroaren 9rako Katalunian antolatu duten kontsulta alternatiboaren kontra jotzea erabaki zuen aurreko ostiralean, eta Masek uste du oinarrizko eskubideak urratzen dituela erabaki horrek.
Ministroen Kontseiluaren erabakiak eragindako ondorioak, A9ko prozesua bertan behera uzteko agindua, baliogabetzea eskatzen du Generalitateak, Auzitegi Konstituzionalak horixe agindu baitzuen atzo, Espainiako Gobernuaren helegitea onartuta.