Politika -

Kataluniako kontsulta

161 hautetsik bozkatu ahal izateko nazioarteko babesa eskatu dute

Katalanek beren etorkizuna erabakitzea bermatzeko beharrezkoak diren jokabideak gauzatzeko eskatu diete hautetsiek nazioarteko erakundeei.

Nuria de Gispert izan da eskaria egin duenetako bat. Artxiboko irudia: EiTB
Nuria de Gispert izan da eskaria egin duenetako bat. Artxiboko irudia: EiTB
Nuria de Gispert izan da eskaria egin duenetako bat. Artxiboko irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CiU, ERC, eta ICV-EUiA alderdi politikoetako 161 hautetsik babesa eskatu diete nazioarteko hainbat erakunderi (Nazio Batuak, Europako Parlamentua, Europako Batzordea, Europako Kontseilua eta Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundea), katalanek beren etorkizuna modu demokratikoan erabakitzea bermatzeko. Eskari hori egin dutenen artean Kataluniako Udaletako, Diputazioetako eta Parlamentuko, eta Espainiako Kongresuko eta Senatuko, eta Europako Parlamentuko hautetsiak daude.

Hala iragarri dute Kataluniako Parlamentuan egin duten agerraldian. Bertan, manifestu bat irakurri dute lau hizkuntzatan: katalanez, ingelesez, frantsesez, eta alemanieraz.

Nuria de Gispert Kataluniako Parlamentuko presidentea buru zela egin dute ekitaldia, Auzitegi Konstituzionalak azaroaren 9ko prozesu parte-hartzailea bertan behera utzi eta bi egunera.

Adierazpen horretan, Kataluniaren etorkizun politikoaz erreferenduma edota kontsulta egiteko legezko bitarteko guztiak erabili dituztela adierazten dute, independentzia barne. Gainera, prozesu soberanistari buruzko informazioa nazioarteko erakundeei emateko asmoa agertu dute.

Sinatzaileen esanetan, Espainiako Gobernuak ez du hitz egiteko eta negoziatzeko borondate politikorik eduki, eta erabakitzeko eskubidea gauzatzeari ezezkoa eman dio behin eta berriz. Hautetsien iritziz, jarrera horrek "Kataluniako autogobernua ahultzea du helburu".

Hala, katalanek duten iritzia ezagutzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko zilegitasuna dutela sentitzen dute, eta behin iritzia ezagututakoan, baita horren baitako erabakiak hartzekoa ere.

Bestalde, Kataluniari subjektu politiko eta juridiko izaera aitortzen diote, eta, beraz, katalanek beren etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea dutela uste dute. Horien esanetan, katalanek hainbatetan adierazi dute beren borondatea.

Kataluniako Parlamentuak eta Gobernuak herritarren borondatea gauzatzeko beharrezko pausoak eman dituztela adierazi ostean, Espainiaren jarrerak herrialde demokratikoen eta nazioarteko zuzenbidearen arauak urratzen dituela gaineratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako erreferenduma gaur