Politika -
Kartzela politika
Jon Enparantza presoaren egoera larria salatu du herritar talde batek
Segoviatik Navalcarnerora eraman badute ere, atxilotu zutenetik "erabat isolatuta" jarraitzen duela gaitzetsi dute.
Erredakzioa
Donostiako Antigua auzoko kolektibo, talde eta elkarte batzuk Jon enparantza abokatu presoa "gertuen dagoen Euskal Herriko kartzelara" eramatea eta bere "eskubideak errespetatzea" eskatu dute, gaur egungo egoera "larria" delako eta "erabat isolatuta" jarraitzen duelako.
Kolektibo horiek prentsaurrekoa eman dute gaur Donostian, eta gogora ekarri dutenez, Enparantza urtarrilaren 8an atxilotu zuten, eta "duela gutxira arte" Segovian egon da preso, "erabat isolatuta, beste presoekin inolako harremanik izan gabe".
Azaldu dutenez, Enparantza Navalcarneroko espetxera eraman badute ere, "erabat isolatuta" jarraitzen du, eta "isilik egotera zigortu dute".
Horren harira, isolamenduarena "euskal presoen kontra erabili ohi den neurria" dela azpimarratu dute, baina abokatu donostiarraren kasuan "are okerragoa" dela, "izan ere, patiora bakarrik ateratzen da, eta egun osoan funtzionarioekin soilik du harremana".
Arantza Zulueta abokatua ere egoera berean omen dago Puerto III presondegian. "Muturreko egoera horretan dauden euskal preso bakarrak dira, eta horrek agerian uzten du mendekua dela", gaineratu dute.
Hori dela eta, Espainiak ez duela "kartzelaren legedia errespetatzen" eta Enparantzaren egoera "legez kanpokoa" dela salatu dute; "nazioarteko erakundeentzat onartezina baita isolamendua eta isilik egoteko zigorra, torturaren parekoa baita".
Gaurko agerraldiari atxikimendua eman dioten elkarteak hauek dira: Antiguako Jai batzordea, Talde Feminista, AntiguaOtarrak, Zero Zabor taldea, Sortu, Etxerat, Ernai, Presoen Sustengu Taldea, AEK-ko irakasleak, Filibusteroak Kofradia, Antiguako Gazte Asanblada, Pilota eskola, Doka Kafe Antzokia, Antiguoko Futbol taldea, Antiguotarrak dantza taldea, eta Antiguotarrak elkartea.