Politika -
Katalunia
Espainiako Gobernuak A9ko prozesuaren aurka jotzeko bidea abiatu du
Rajoyk txostena eskatu dio Estatu Kontseiluari azaroaren 9an Katalunian egin nahi duten parte-hartze prozesu osoa bertan behera gera dadin.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak txostena eskatu dio Estatu Kontseiluari azaroaren 9an Katalunian egin nahi duten galdeketa prozesu osoa bertan behera uzteko, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak jakitera eman duenez.
Mariano Rajoy presidenteak sinatu du txostena eskatzeko eskaria, Gobernuaren aholku erakunde gorenari emandakoa, eta horixe izan da Auzitegi Konstituzionalera joateko lehenengo pausoa. Dena dela, datorren ostiraleko Ministroen Kontseiluak emango du, ziurrenik, inpugnatzeko agindua.
Presidenteordearen esanetan, "herritarren parte-hartze prozesua" deiturikoaren "antolakuntza guztia, Generalitatea egiten ari dena", amaitzea izango da inpugnazioaren helburua.
Buruzagi espainiarrak azpimarratu du Artur Mas buru duen Generalitatea sustatzen ari den kontsulta alternatiboa "Konstituzioaren kontrakoa" dela, eta "kataluniarren eskubideak urratzen" dituela, "ez duelako inolako berme demokratikorik".