Politika -
Pujol Auzia
Oleguer Pujol inputatuta, dirua zuritu duelakoan
Miaketek iraun duten bitartean atxikita izan dute. Gero komisaldegira eraman dute deklaratzera, baina aske utzi dute, deklaratzeari uko egin ostean.
Erredakzioa
Oleguer Pujol Ferrusolaren etxebizitzak eta bulegoak miatzeko agindua eman du gaur Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak. Oleguerrek eta haren bazkideak, Luis Iglesiasek, elkarrekin egindako hainbat operazio ikertzen ari da epailea. Higiezinen enpresekin lotutako zazpi operazio dira, hain justu, ikertzen ari direnak. Pedrazek uste du dirua zuritu zutela Pujolek eta Iglesiasek eta Ogasunari iruzur egin ziotela. Jordi Pujol Kataluniako presidente ohiaren seme gazteena da Oleguer.
Oleguerrek eta Iglesiasek hainbat sozietate eta enpresa zituzten bien izenean, eta horien bitartez egindako salerosketak dira operazio honen jomugan daudenak.
Madrilen, Bartzelonan, Melillan eta Valentzian Pujolek eta Iglesiasek dituzten etxeak eta bulegoak arakatu ditu Poliziak. Miaketak iraun duen bitartean, bi bazkideak atxikita egon diren arren, epaileak ez du eman haiek atxilotzeko agindurik. Hala ere, Poliziak atxilotuta eraman du presidente ohiaren semea komisaldegira, deklarazioa hartzeko. Baina uko egin dio deklaratzeari, eta aske utzi dute.
Kapitala zabaltzea
Estatu Espainiarreko eta Estatutik kanpoko sozietateen arteko negozioen eta kanpital aldatzeen inguruko informazioa bildu nahi du Pedraz epaileak.
Ikerketaren lehen ondorioen arabera, inbertsioak egin zituzten enpresetan kapital zabaltze handia egon zen. Finantzabideak zeintzuk izan ziren jakin nahi du epaileak.
Podemos eta Guanyem Barcelona taldeek jarritako helegitearen zati bat tramitera onartu zuen Pedrazek urriaren 1ean , Ustelkeriaren Kontrako fiskalaren eskariz. Oleguer Pujolekin zerikusia zuten eta Holandan eta Luxemburgen erregistratuta zeuden hainbat sozietate ikertzea eskatzen zen bertan.
Ikerketaren iturburuan, Kanariar Uhartetan Oleguerrek erositako hotel baten finantzazioa zegoen. Salerosketa horretan erabilitako diruaren jatorria paradisu fiskalen batetik etor zitekeela uste du Pedrazek.