Politika -
PSE-EE
'Behartsuak giza ezkutu gisa erabiltzea' leporatu dio Mendiak PPri
Larrialdietako Laguntza Sozialei zuzendutako diru kopurua handitzeko deia ere egin dio PSE-EEko idazkari nagusiak Iñigo Urkullu lehendakariari.
Erredakzioa
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak “txirotasunenean daudenak giza ezkutu moduan” erabiltzea leporatu dio Alderdi Popularrari eta “gorrotoa pizten duten ideia demagogikoak” zabaltzea.
Zumarraga eta Urretxuko jarraitzaileekin bildu da Mendia goizean. Zumarragako egoitzan egin duten ekitaldian Iñaki Arriola PSE-EEko Gipuzkoako idazkari nagusiak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak parte hartu dute.
Mendiak PPren aurkako hitzak izan ditu, popularrek gizarte laguntzen inguruan duten jarrera dela eta. Idazkari nagusiak egungo eredua defendatu du, baina gaineratu du Eusko Jaurlaritzak modu hobean kudeatu behar duela hori, benetan beharra duten pertsonen babesa bermatzeko.
“Ez dute nahikoa enplegua deuseztatzearekin, kaleratzeak errazteko lan-erreformak bultzatzearekin. Txirotasuna zabaltzearekin ez dira konforme, zerbitzu publikoak kaltetzen dituzten murrizketekin. Ongizate estatuarekin zerikusia duen orori amaiera eman nahi diote. Eta hori euskaldun batzuk besteen aurka jarrita lortu nahi dute. Txiroenak giza ezkutu moduan jarrita”, zehaztu du.
Euskaldunak “harro” dauden eta Alderdi Popularrak gaitzesten duen gizarte eredua defendatzearen alde egin du. “Popularrek bultzatu zuten lan erreformak txiro bihurtu ditu lehen laguntza duin bat jasotzen zituztenak”, gaineratu du.
“Egungo legeak baditu baliabideak laguntzak kontrolatzeko, baina horretarako beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzak kontrola modu hobean egitea”, esan du.
Larrialdietako Laguntza Sozialei zuzendutako diru kopurua handitzeko deia egin dio Idoia Mendiak Iñigo Urkullu lehendakariari.