Politika -
Kataluniako kontsulta
Gobernatzen hasteko eta aurrekontuak onartzeko eskatu dio Rajoyk Masi
Milanen egin dituen adierazpenetan, ezegonkortasun garai bati amaiera emateko ere eskatu dio Artur Masi.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak gobernatzen hasteko eta Kataluniako aurrekontuak onartzeko lan egiteko eskatu dio Artur Masi.
Azaroaren 9ko galdeketaren harian azken egunetan izan diren albisteen inguruan ere mintzatu du Espainiako Exekutiboko presidentea. Adierazpenak Milanen egin ditu, EBko eta Asiako herrialdeen arteko hamargarren batzarrean.
Masek ezegonkortasun garai bati amaiera emateko gobernatu behar duela uste du Rajoyk. “Horrek ez garamatza inora, eta herritarrei kalte egiten dio”, gaineratu du. Azkenaldian Artur Masekin harremanik izan ez duela ere azpimarratu du Espainiako presidenteak.
Azaroaren 9an Artur Masek egin nahi duenaren inguruan daturik ez duela esan du Rajoyk. Hala ere, legea urratuko balitz, Gobernuak Auzitegi Konstituzionalean helegitea jarriko lukeela azpimarratu du.
Mas gobernatzen hastea nahiko luke Rajoyk, “denbora gehiegi baitaramagu gai honekin”. “Egokiena gobernuak gobernatzea da, eta aurrekontuak onartzea”, nabarmendu du.
Espainiako Exekutiboko buruak Generalitateko presidenteak “egoki deritzonarekin eta komeni zaionarekin” hitz egin dezakeela adierazi du. “Norekin joan nahi duen, norekin gobernatu nahi duen eta nola egin nahi duen erabaki behar du”, erantsi du.