Politika -
A9-ko kontsulta
ERCk adostutako kontsulta egiteko ala bozak deitzeko eskatu du
Bigarrenean, Junquerasek uste du kasu bakarrean izango lukeela zentzua: Parlamentuak independentzia aldebakarrez aldarrikatzeko. UDCk aukera hori baztertu du, baina CDCk, ez.
Erredakzioa
Oriol Junqueras ERCren buruzagiak adostutako kontsulta deitzeko ala hauteskundeak aurreratzeko eskatu dio Artur Mas Generalitatearen presidenteari.
ERCk egindako aparteko bileraren ostean azaldu duenez, Masek "hautsi" du kontsultaren aldeko indarren batasuna "aldebakarrez", kontsulta alternatibo baten alde eginda.
"Zaila da akordioak betetzen ez dituen batekin konfiantza izatea, eta zaila da akordioak betetzen ez dituen norbaitekin itunak egitea", gaineratu du.
Independentzia aldarrikapena aldebakarrez
Junquerasen arabera, Masek gaur iragarritakoaren aurrean, hauteskunde autonomikoak deitzea izango litzateke aukera bakarra, baina kasu bakarrean izango omen luke horrek zentzua: gero, Parlamentuak independentzia aldebakarrez aldarrikatzeko.
Junquerasek "ahal bezain laster" deitzeko eskatu du, baina hautagaitza bateratua egin aurretik, zertarako izango den zehaztu beharra dagoela azpimarratuz.
"ERCrentzat oso argi dago (hauteskundeak) independentzia aldarrikatzeko izango liratekeela", baina CiUren jarrerarekiko zalantza agertu du; "izan ere, zaila da pauso konplexuago bat emango duela sinestea, adostutakoak emateko gai izan ez denean".
Kontsulta alternatiboa
"Kontsulta alternatiboa"ren harira, Junquerasek aitortu du ERCk ez duela hasierako erreferenduma "parte hartze prozesu" soil batean utzi nahi, eta 4.000 hautesleku egon beharrean 600 bakarrik eduki nahi.
Horretarako adostasun nahikorik ere ez dagoela esan du, baina Generalitateak asmo horrekin jarraituz gero, laguntzeko prest agertu da, kataluniarrek, modu sinboliko batean bada ere, botoa eman ahal dezaten.
Buruzagi kataluniarrak gogorarazi du Kataluniako Gobernuan sartzeko eskaintza egin duela behin eta berriz kontsulta blindatzeko, baina ez dutela baiezko erantzunik jaso. Orain, ordea, Masen Gobernuarekin duten egonkortasunerako ituna kolokan ikusten du.
Alderdien erreakzioa
Bestalde, UDCk legegintzaldia amaitu arte itxarotearen alde egin du, errefusatu egin du independentzia aldebakarrez aldarrikatzea, eta Masek iragarritako parte-hartze prozesua txalotu du.
Ramon Espadaler UDCren idazkari nagusiak atsekabea agertu du kontsultaren aldeko alderdien arteko adostasuna apurtu delako, eta batasuna berreskuratzea eskatu du. Hala ere, argi adierazi du ez dutela kontsultaren hasierako planteamendura itzultzea onartuko.
Josep Rull CDCren koordinatzaileak ez du uste Generalitateak ERCrekin zuen akordioa urratu duenik, kontsulta "bideragarri" egiten duela iritzita. Plebiszitu hauteskundeen harira, aukera bakarra ikusten du: puntu bakarra egotea eta zerrenda bateratua egitea.
CDCren zuzendaritzaren aparteko bileraren ostean azaldu duenez, ez dute baztertzen independentzia aldebakarrez aldarrikatzearena, baina azkeneko baliabide gisa; hau da, Estatuarekin negoziazio prozesuak porrot egiten badu.
CUPek, berriz, "kontsulta alderdikoia" proposatzea leporatu dio Masi, zalantzan jarri du kontsulta alternatiboa egiteko asmoa duenik, eta "engainatu" egin duela uste du.
Quim Arrufat CUPen diputatuak esan du ezinezkoa dela Masen proposamena "behin betikoa" izatea, eta Generalitateak bere kabuz, gainerako alderdiak kontuan izan gabe, aurrera eramatea.
Joan Herrera ICVren buruzagiak ez du onartu presidentearen proposamena, ez delako kontsulta bat, baizik eta "bere burua salbatzeko" trikimailu bat. Gainera, plebiszitu hauteskundeetarako "aurrekanpaina ekitaldi" gisa ikusi du gaurko agerraldia.
Herrerak azpimarratu du kontsultaren aldeko alderdien arteko adostasunik dagoeneko ez dagoela, eta mobilizazio neurgarri bat egitea proposatu du: herritarren ilarak itxitako hauteslekuen aurrean, mundu guztiak ikus dezan.