Politika -
Kataluniako kontsulta
Kontrolerako batzordearen kideetako batek karguari uko egin dio
Quim Brugue Zientzia Politikoan katedradunak dimisioa eman du, kontsultak "berme demokratikorik" ez duela argudiatuta. Batzordea larunbatean bildu zen.
Erredakzioa
Kataluniako kontsulta bermatzeko kontsulten kontrolerako batzordearen kideetako batek, Quim Bruguek, karguari uko egin dio, azaroaren 9ko erreferendumak "berme demokratikorik" ez duela argudiatuta.
"Dimisioa pertsonala da. Kritika guztiak onartuko ditut, baina ezin diot berme demokratikorik ez duen kontsulta bati babesa eman", azaldu du Bruguerrek Twitterren duen kontuan.
Brugueren ustez, Auzitegi Konstituzionalak kontsulta bertan behera utzi zuenean "prozesua gelditzeko eta hausnartzeko garaia" zen. Onda Cero irrati katean egindako adierazpenetan esan duenez, "arauak oso argi egon behar dira, eta une honetan ez daude nahikoa argi".
Kataluniako Parlamentuak asteazkenean hautatu zituen batzordeko zazpi kideak, eta biharamunean sinatu zuen Artur Masek horiek izendatzeko dekretua, Auzitegi Konstituzionalak kontsultaren legea behin-behinean baliogabetu ondoren.
Kontsulten kontrolerako batzordea hauteskunde batzordearen baliokidea da. Azaroaren 9an egitekoa den erreferenduma gainbegiratu eta bermatu behar du.
Zazpi legelari eta politologo izendatu dituzte batzorde horretako kide izateko. Hauek: Merce Barcelo, Alfons Gonzalez, Miquel Martin, Jordi Matas, Marc Marsal Benet Salellas eta dimisioa eman berri duen Quim Brugue (ICVren gertukoa).
Batzordea larunbatean bildu zen
Benet Salellas CUP alderdiak proposatutako batzordekideak baieztatu duenez, batzordea larunbatean bildu zen, "kontsulten legeak ematen dizkion funtzioak betetze aldera". Brugue ez zen batzar hartan egon.
Catalunya Radion egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, "ez gara gelditu, eta prozesuak bere horretan jarraituko du, ez da forma edo kontu juridikoengatik geldituko". Salellasen esanetan, batzordeak sei kiderekin funtziona dezake, baina Parlamentuak "laster" izendatuko du Brugueren ordezkoa.