Politika -
Kataluniako kontsulta
Kontsultaren aldekoekin estrategia bat adosten saiatuko da gaur Mas
Fiskaltza Generalitateko presidentearen aurka egiten aztertzen ari da, desobedientzia eta prebarikazioa egotzita.
Erredakzioa
Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidentea kontsultaren alde dauden alderdiekin (CiU, ERC, ICV-EuiA eta CUP) batzartuko da gaur goizean, 11:00etan, Auzitegi Konstituzionalak erreferendum independentista behin-behinean debekatu eta gero, estrategia bateratu bat adosteko.
Atzo, Masek kontsultarekin lotutako beste dekretu bat sinatu zuen, Konstituzionalak prestaketekin jarraitzea debekatu badio ere. Hain zuzen ere, kontsultarako hauteskunde batzordea sortzea onartu zuen agintariak.
Hainbat hedabideren arabera, Estatuko Fiskaltza Nagusia Masen aurka egitea aztertzen ari da, desobedientzia eta prebarikazioa egotzita. "Esku hartzeko aukera asko dago", adierazi dute, El Mundo egunkariak aipatutako iturriek.
Gainera, Kataluniako Parlamentuak Konstituzionaleko bi epaile errefusatu zituen, Francisco Perez de los Cobos presidentea eta Pedro Jose Gonzalez Trevijano, PPko kide edo alderdi horren gertukoak direlako.
Egunotan, Oriol Junqueras (ERC), Joan Herrera (ICV-EUiA) eta David Fernandez (CUP) bildu izan dira, euren artean jarrera bat adosteko, gaur Masen aurrean erakusteko. Kontsultari eustea nahi dute.
Konstituzionalak erreferenduma debekatu ondoren, Generalitateak bertan behera utzi zuen kanpaina instituzionala, eta ERCk argi utzi du ez dagoela ados.