Politika -
Hezkuntza
Nafarroako Gobernuak 22 eskola-liburu erretiratzeko agindu du
'Euskara eta literatura' ikasgaiari dagozkion liburuak dira, Lehen Hezkuntzakoak. Foru Gobernuak esan duenez, liburuok ez dute Nafarroaren errealitatea errespetatzen.
Erredakzioa
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak 'Euskara eta literatura' ikasgaiko 22 eskola-liburu erretiratzeko agindu du, Nafarroako errealitate instituzionalarekin bat ez datozela argudiatuta. Lehen Hezkuntzako liburuak dira denak, eta, Foru Gobernuaren iritzian, hezkuntzako currikuluma ere ez dute errespetatzen. Gainera, Foru Gobernuak ohartarazi du argitalpen horiek ez dituela eskola-liburuak finantzatzeko programaren baitan sartuko. Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilaria kazetarien aurrera agertu da, eta, azaldu duenez, gaur emandako aginduaren ildoak "duela gutxi onartutako foru-agindu batean jasotzen dira".
"Irregulartasunak dituzten liburuak Lehen Hezkuntzako 'Euskara eta literatura' ikasgaikoak dira, sei argitaletxekoak: lehen mailako liburu bat, bigarren mailako lau liburu, hirugarren mailako zortzi, bosgarren mailako sei eta seigarren mailako bi liburu. Guztietan Nafarroa ez dagokion lurralde-testuinguru batean kokatuta agertzen da edo Euskal Herriko bandera erabiltzen da, justifikaziorik gabe", Iribasen arabera.
Nafarroako Gobernuaren arabera, "behin arau-hausteak atzemanda, liburu horiek zein ikastetxetan erabiltzen ari diren egiaztatu beharko dute Hezkuntzako ikuskatzaileek. Horiek zuzentzeko edota materiala erretiratzeko eskatuko zaie eskola horiei".
Bestalde, ezker abertzalea hezkuntza-zentroak "manipulazio politikorako eta adoktrinamendurako" erabiltzen ari ote den ikertuko dutela jakinarazi du Iribasek.