Politika -
Euskadi Irratia
Ugartek aurreratu du ez dela ahaldun nagusirako hautagaia izango
Foru eta udal hauteskundeetarako hautagaien izen-dantzaren erdian, Larraitz Ugartek jakinarazi du berak ez duela ahaldun nagusirako hautagaitzarik aurkeztuko.
Idoia Alberdi | EITB.EUS
Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentuko diputatuak esan duenez, datorren urteko udal eta foru hauteskundeetarako hautagaitzak prestatzen ari da EH Bildu, herri-batzarretan eta herritarren parte-hartzearekin. Joan den astean Martin Garitano ahaldun nagusiak hautagai izateko aurkeztuko ez zela baieztatu ondoren, izen-dantza handia dabil: Ugartek aurreratu du bera ez dela ahaldun nagusirako hautagai aurkeztuko, baina ziurtzat eman du "EH Bilduk hautagai oso ona" aurkeztuko duela Garitanoren lekukoa hartzeko.
"EH Bilduren hautagaia oso-oso ona izango da. Gure konfiantza guztia izango du, hortan ez izan zalantzarik", nabarmendu du. Ugartek, dena dela, taldeari eman dio garrantzia: "Talde oso bat dago atzean, talde indartsu bat, eta hori erakutsiko dugu hurrengo hautagaitzan ere". Hauteskundeetarako hautagai zerrendak osatzeko, herri-batzarrak eta koalizioko militanteak lanean ari direla eta izen guztiak hortik aterako direla gaineratu du.
Elena Franco Gipuzkoako Ogasun diputatuaren izena ere aipatu da ahaldun nagusi kargurako, batean eta bestean, azken egunotan, baina Ugartek argi utzi du Francok berak joan den asteburuan jakinarazi zuela elkarrizketa publiko batean ez zela hautagaia izango.
'Norentzako Kutxabank nahi dugu?'
Kutxabank auziari buruz ere hitz egin du Ugartek. Goitik behera gezurtatu ditu atzo Xabier Iturbe Kutxako presidenteak Euskadi Irratian esandakoak. EH Bilduk Kutxabank fundazio bihurtzeko aurkeztu duen proposamena juridikoki ez dela bideragarria esan zuen Iturbek. Diputatuaren iritzian, Iturbe "gezurretan" eta "eztabaida distortsionatzen" ari da. "Gure proposamena juridikoki legala da, hori badakite. Kontua da, horrelakoak esanez, eztabaida distortsionatzen ari direla. Guk sakoneko eztabaida nahi dugu, ereduari buruzko eztabaida. Norentzako Kutxabank nahi dugu? Eztabaida hori ekiditen ari dira", nabarmendu du.
Ugarteren hitzetan, kapital pribatuari bidea zabaltzeko interesa dago, eta beste aukerak ez dira aztertu ere egin nahi. "Uste dugu oraindik eztabaidatzeko garaiz gaudela. Guk planteatzen dugun puntu mugiezin bakarra kontrol soziala bermatzearena da, gainerakoa eztabaidatu daiteke: formula ezberdinak planteatu daitezke", zehaztu du.