Politika -
Bake prozesua
Biktimek 'ekintzak' eskatu dituzte, 'hitz politetatik' harago
Lokarrik 'Hitzorduak' ekimenaren ondorioak aurkeztu ditu gaur. ETAren eta GALen biktimek elkarrizketak izan dituzte adituekin egitasmoaren baitan.
Erredakzioa
Gorka Landaburu kazetari eta ETAren biktimak eta Pili Zabala GALek hildako Joxi Zabalaren arrebak "alde batean eta bestean" gertatutakoaren kontaketak, eta "egindako kaltearen aitortzak", duten garrantzia azpimarratu dute, baina hori "hitzetatik ekintzetara" eramateko garaia dela aldarrikatu dute. Horren harira, "hitz politak" baztertzeko eta ekimena hartzeko deia egin dute.
Landaburuk eta Zabalak Donostian egin dituzte adierazpenok, Lokarrik "Hitzorduak" izeneko ekimenaren inguruan argitaratu dituen ondorioen aurkezpenean.
Urtarriletik ekainera, bilerak egin dituzte hainbat udalerri eta auzotan, eta guztira 800 pertsonak parte hartu dute 26 mintegietan, "giza eskubideak, eskubide zibil eta politikoak, memoria eta egia, biktimak, presoen gizarteratzea eta adostasunak" hizpide.
Hizlarien artean adituak zeuden, bake prozesuaren inguruan lanean dihardutenak, eta giza eskubideen urraketak euren azalean bizi dituztenak.
Landaburuk azaldu duenez, egungo unea "mugarri" da, eta "indarkeria guztien amaiera kudeatu beharra dago bakea egonkortzeko". Era berean, "memoria kudeatzeko" eta "egindako kaltea aitortzeko" beharra azpimarratu du.
Mitegien inguruan, Landaburuk esan du "oso ona" izan dela esperientzia, zeren "jendea burbuilatik ateratzen hasi baita, sentimenduak adierazten eta akatsak onartzen".
Pili Zabalak, bere aldetik, Lokarrik antolatutako ekimena "oso atsegina" izan zela esan du. Mintegi horretan Bizkaiko gobernadore zibil ohi bat izan omen zen, eta "publikoki, bertan geunden guztion aurrean, estatu terrorismoa egin zuten lankideak zituela aitortu zuen, eta GALen atentatu bat izaten zen bakoitzean, xanpainarekin topa egiteaz gain, puru bat erretzen zutela".
Horren harira, keinu hura "zirraragarria" izan zela esan du. Hala ere, informazio hori "komunikabideek publiko egitea" nahi du Zabalak, izan ere, hedabideek "min handia egin digute denbora askoan errealitate batzuk ezkutatzen, ez baitzuten pertsona jakin batzuen sufrimendua azaleratu nahi, ezta demokrazian izandako terrorismoaz argi hitz egin nahi ere".
Era berean, Ertzaintzako goi kargudun baten babesa ere jaso omen zuen eta "1995ean Ertzaintzak Tolosako hilerrian izan zuen jarrera nazkagarria" izan zela aitortu omen zion. Hala, Ertzaintzak "egindako akatsetatik ikasi" duela uste du, eta gauza bera esan nahi omen du "Guardia Zibilaz eta Espainiako Poliziaz".