Politika -
Kataluniako kontsulta
5,4 milioi katalanek boza eman ahal izango dute A9an
Gainera, Generalitateak aurreratu duenaren arabera, 2.718 hautesleku prestatuko dituzte Katalunia osoan zehar, kontsultaren kontra dauden herrietan ere bai.
Erredakzioa
5,4 milioi katalan deituko ditu Generalitateak azaroaren 9ko kontsultan parte hartzeko, eta bertan bizi diren atzerritarrek ere boza emateko aukera izango dute. Gainera, 2.718 hautesleku prestatuko dituzte Katalunia osoan zehar, kontsultaren kontra dauden herrietan ere bai.
Joana Ortega Generalitateko presidenteordeak azaroaren 9an egitekoa den kontsultaren eguneko dispositiboaren berri eman du gaur, igandea, prentsaurreko batean, baina ez du zehaztu zer egingo duten Auzitegi Konstituzionalak debekatzen badu. "Badaezpadako jarrera" ez duela hartuko esan du, ziur dagoelako "legearen, Konstituzioaren eta Estatutuaren araberakoa" dela.
Joana Ortegaren arabera, 8.130 mahai eta 10.800 hautesontzi prestatuko dituzte 2.718 hauteslekutan, Kataluniako udalerri guztietan. Horretarako, Generaltitateak lekuen zerrenda igorri die udalei dagoeneko, eta hamar eguneko epea dute "alternatibak aurkezteko".
Presidenteordearen esanetan, zenbait alkatek egindako adierazpenak gorabehera, Kataluniako Gobernuak ez du oharrik jaso, hautesontziak jarri nahi ez dituztenen udaletatik.
Edonola ere, "lokalak ez dira oztopo izango botoa emateko, Generalitateak bermatuko du", ziurtatu du Ortegak, baina ez du zehaztu zelan bermatuko duen; kontsultarekin kolaboratzea Kataluniako Parlamentuan onartutako "legea betetzea da", esan du.
Gainera, Joana Ortega ziur agertu da zozketa bidez hautatuko dituzten mahaietako 24.390 kideek euren "eginbeharra" beteko dutela, nahiz eta onartu duen ez daudela behartuta egitera -hauteskunde egunetan ez bezala-, eta kontsulten legeak aurreikusi du agertzeari uko egitea.