Politika -
Sakabanaketa
Presoak hurbiltzea lortzeko helegiteak aurkeztuko ditu EPPK-k
Sakabanaketarekin bukatzeko laguntza eskatu die presoen kolektiboak euskal herritarrei. Sakabanaketarekin amaitzea "lehentasuna" dela uste du EPPK-k.
Erredakzioa
Presoak Euskaditik gertu dauden kartzeletara pixkanaka-pixkanaka ekartzeko eskakizun indibidualak atzera bota dituzte Espainiako eta Frantziako gobernuek. Erabaki horien aurka helegiteak aurkeztuko dituela iragarri du gaur Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK). Gainera, sakabanaketarekin bukatzeko laguntza eskatu die euskal herritarrei.
NAIZ.info-ra igorritako agiri batean, sakabanaketaren bukaera "lehentasuna" dela azpimarratu du EPPK-k. Gara egunkariak agiri osoa argitaratuko du asteazken honetan. Espainiako eta Frantziako legedietan "pauso ausarta" eman dutela gogorarazi du EPPK-k; izan ere, hurbiltzeko eskaera indibidualak egin dituzte, baina bi estatuek "atzera bota dituzte".
"Euskal herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da estatuen itxikeriarekin bukatzeko", azaldu du kolektiboak. Herritarrei, lagunei eta senitartekoei eskerrak eman dizkie alboan egoteagatik eta mobilizazioetan parte hartzeagatik.
Azkenik, "presoen eskubideak defendatzeko erakundeetan lan egiteagatik errepresioaren biktimak" izan direnei bereziki eskerrak eman dizkiete.
"Eraso etengabea"
Egungo testuinguru politikoan Espainiako eta Frantziako estatuek EPPK-ko kideen aurka "eraso egiten" jarraitzea "ulertezina" dela uste du kolektiboak.
"Elementu ahulena garela uste dute", salatu dute. EPPKren hitzetan, Parisko eta Madrilgo estrategiaren azken helburua "etsipena zabaldu, prozesu politikoa etenda mantendu eta, azken unean, zapuztea da". "Sakabanaketa indarrean mantentzeko benetako arrazoia hori da", gaineratu du.