Politika -
Mendiak 'susmo txarra' hartu dio estatusaren proiektua 'berpizteari'
Gainera, PSE-EEren idazkari nagusi berriaren asmoa lehenik eta behin Iñigo Urkullurekin biltzea da, eta, ondoren, "agenda egokitu" eta gainerako talde politiko eta sozialekin egitea.
Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusi berriak "susmo txarra" hartu dio Iñigo Urkullu lehendakariak Estatus Berriaren proiektua "berpiztu" nahi izateari, "herritarren lehentasunak bestelakoak" direnean.
Halaber, Mendiak penagarritzat jo du uda ostean esan zuenaren "kontrakoa" esateko "hain denbora gutxi igaro izana", lehendakariak gizarte arazoek lehentasuna zutela adierazi baitzuen.
Bilbon egindako prentsaurreko batean, Mendiak iragarri du lehendakariarekin bilera bat egitea eskatu duela dagoeneko, erakundeekin eta eragile sozialekin egin nahi duen bilera sortaren baitan.
Mendiak Urkullurekin hasi nahi du bilera sorta, Euskadiko erakundeen ordezkari nagusia delako, eta, ondoren, "agenda egokitu" nahi du, gainerako talde politiko eta sozialekin biltzeko.
Gainera, ostegunean, "Euskadi orain dela urtebete baino okerrago" dagoela esan dio lehendakariari. "Langabe gehiago daude, enpresak okerrago daude, pertsona gehiagok zailtasunak dituzte hilabete bukaera iristeko, eta, nahiz eta guk berezko autogobernu tresnak ditugun, honela gaude", adierazi du.