Politika -
Erreferenduma Eskozian
Rajoyk eskoziarrak zoriondu ditu 'ondorio larriak' saihesteagatik
Espainiako Gobernuko presidenteak azpimarratu du "modu baketsuan eta bertako legea errespetatuz" hartu dutela erabakia.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak eskoziarrak zoriondu ditu atzoko erreferendumean lortutako emaitzagatik eta independentziak eragingo lituzkeen "ondorio larriak" saihesteagatik.
Ministroen Kontseiluaren aurretik egin du adierazpena Rajoyk, Moncloa Jauregian hedabideen esku utzi duen bideo batean.
Gobernuko presidenteak azpimarratu du eskoziarrek "argi eta garbi" erabaki dutela Erresuma Batuko kide izaten jarraitzea eta, ondorioz, Europar Batasuneko kide izaten jarraitzea.
Gainera, "modu baketsuan eta bertako legea errespetatuz" egin dutela goraipatu du.
"Erabakiarekin, eskoziarrek ondorio ekonomiko, sozial, instituzional eta politiko larriak saihestu dituzte, Erresuma Batutik eta Europatik bereiziko zirelako", adierazi du Espainiako Gobernuko presidenteak.
Rajoyren arabera, atzo eskoziarrek "segregazioaren eta integrazioaren artean, isolamenduaren eta zabalkundearen artean, egonkortasunaren eta zalantzaren artean, eta segurtasunaren eta arriskuaren artean erabaki zuten".