Politika -
Adierazpen instituzionala
Mas: 'Negoziatzeko ordua dela ulertu behar du Madrilek'
"Europari eta munduari mezu oso indartsua" bidali izanagatik herritarren parte-hartzea eskertu du Generalitateko presidenteak. Kataluniako herriari "iruzur ez" egiteko konpromisoa hartu du Masek.
Erredakzioa
Artur Mas Generalitateko presidentearen ahotan, Bartzelonako manifestazioak gaur igorritako mezu "indartsuaren" ostean, azaroaren 9an bozkatzea eskatzen duten kataluniarrei entzun eta "Madrilek mahaian jesartzeko eta negoziatzeko" ordua dela ulertu behar du.
Manifestazioaren antolatzaileak hartu ditu Masek Bartzelonan. Ondoren, aurreikusita ez zegoen agerraldia egin du presidenteak. Joana Ortega presidenteordeak lagundu du. "Europari eta munduari mezu oso indartsua" bidali izanagatik herritarren parte-hartzea eskertu du Masek. Era berean, Kataluniako Asanblada Nazionalari eta Omniumari eskerrak eman dizkie gaurko mobilizazioa antolatzeagatik.
Bestalde, kontsulta bultzatzen duten alderdiei (CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP) batasun mezu bat bidali die presidenteak. Adostasuna ez "pitzatzeko eginahalak" egingo dituela adierazi du Masek.
Generalitateko jauregian ezohiko adierazpen instituzionala egin du presidenteak. Buruzagiak ez du galderarik onartu, Muriel Casals Omniumaren presidentearekin, Carme Forcadell Kataluniako Asanblada Nazionaleko presidentearekin eta Josep Maria Vila d'Abadal Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteko presidentearekin bildu eta gero.
Mezu "sendoa"
Mobilizazioa "gizalegez" egitea eskertu du presidenteak. Manifestazio "tolerantea" eta "positiboa" izan dela goraipatu du. Horrela, mezu "sendo" eta "oso indartsua" igorri die Kataluniak "Europari eta munduari". Tarragonan kontsultaren aurka egindako manifestazioaren inguruan ez du txintik esan.
'V'aren antolatzaileak eta partehartzaileak zoriondu ditu Masek, "mobilizazio abertzale ikaragarria" lortzeagatik. Presidentearen hitzetan, "Kataluniako herriak entzuna izan nahi duela ohartu behar dira Madrilen, Bruselan eta munduan; hitz egin, bozkatu, aintzat hartzea eta errespetatua izan nahi du".
Generalitateko presidente gisa "harro" dagoela ziurtatu du Masek. Azkenik, Kataluniako herriari "iruzur ez" egiteko konpromisoa hartu du.