Politika -

Katalunia

Diada: Independentziaren aldeko ekimen jendetsua, kontsulta indartzeko

"V" formako kontzentrazioa 17:14an osatuko dute, Ondorengotza Gerran Bartzelona erori zen data gogoan. Independentismoa kalera indarrez irtengo da hirugarren urtez jarraian Diada egunean.

Dena prest Katalunian, Diadarako. EiTB
Diada
Dena prest Katalunian, Diada ekitaldirako

1:40

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milioi erdi bat pertsonak baino gehiagok eman dute izena Diadaren mobilizazio berri honetan parte hartzeko, azaroaren 9rako deitutako kontsulta indartzeko. Generalitateak Auzitegi Konstituzionalak ezarriko duen balizko betoa obeditzeko eztabaidaren baitan izango da.

ANCk eta Omniumek berriro ere antolatu dute manifestazio nagusia, oraingo honetan, "V" forma duela. Bartzelonako Diagonaleko eta Kale Nagusiko bideak betetzea espero dute.

Independentismoa kalera indarrez aterako da hirugarren urtez jarraian Diada egunean; 2012an Bartzelonan manifestazio jendetsua izan zen eta 2013an Katalunia zeharkatu zuen giza katea osatu zen.

CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP alderdiek data eta kontsultako galdera onetsi zituzten, eta martxan parte hartuko dute. Katalunian azaroaren 9ko deialdiaren alde dagoen "gehiengo sozialaren" eta batasunaren sinbolotzat hartu dute eguna.

Mas ez da bertan izango

2012ko eta 2013ko mobilizazioetan egin bezala, Artur Mas Generalitateko presidenteak deialdiari babes osoa erakutsi dio, baina ez da bertan izango, paper instituzionalak ekidin egiten diola uste duelako.

Besteak beste, Francesc Homs, Josep Maria Pelegri eta Ferran Mascarell kontseilariak bai izango dira, ondorengo buru politikoez gain: Jordi Turull CiUren bozeramailea Parlamentuan, Oriol Junqueras ERCko presidentea, Joan Herrera ICV- EUiAko burua eta David Fernandez CUPekoa.

"V" forma 17:14an osatuko dute

15:00etan zirkulazio-murrizketak egiten hasiko dira Bartzelonan, 16:00etan jendea biltzen hasi ahal izateko. "V" formako kontzentrazioa 17:14an egingo dute, Ondorengotza Gerran Bartzelona erori zen data gogoan.

"V" letrak "Volem Votar" (Botoa eman nahi dugu) eta "Victoria" (Garaipena) sinbolizatzen ditu, eta 11 kilometro hartuko ditu.

Ez independentistak deitu dituzte Tarragonan

Kataluniako Sozietate Zibilak independentziaren aldekoak ez direnak deitu ditu Tarragonan, Diada dela eta, "senyera" eta Kataluniak Espainian jarraitzea aldarrikatzeko. 50x12 metro izango dituen Kataluniako bandera Ramblatik irtengo da, erromatar anfiteatroraino.

EAJko eta EH Bilduko ordezkariak, ekitaldietan

EAJko eta EH Bilduko ordezkariek Katalunian Diada dela-eta antolatutako ekitaldietan izatea aurreikusi dute. Bi alderdiek Eskoziara ere ordezkariak bidaliko dituzte, irailaren 18ko independentzia-erreferenduma bertatik bertara jarraitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Diada albisteak Berriak Politika Kataluniako erreferenduma gaur Gizartea bideoak Kataluniako prozesua zuzenean