Politika -

Kataluniako kontsulta

Kontsulten legea onartzeko ezohiko bilera irailaren 19an egingo dute

Kataluniako Parlamentuan gehiengoa duten CiU, ERC, PSC, ICV-EUiA eta CUP alderdiek eskaera bat aurkeztu dute Ganberako erregistroan, ezohiko bilera bat egiteko.

Ezohiko bilera irailaren 19an izango da. EiTB
Esteladak
Ezohiko bilera irailaren 19an izango da. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CiU, ERC, PSC, ICV-EUiA eta CUP alderdiek eskaera bat aurkeztu dute Ganberako erregistroan irailaren 19an ezohiko bilera bat egiteko, kontsulten legea onartzera zuzenduta. Kataluniako Gobernuak horren bitartez azaroaren 9ko kontsultaren deialdia bermatu nahi du.

Bost alderdietako bozeramaileek “ezohiko eta premiazko” Bozeramaileen Batzarrerako deialdia eskatu dute, era formalean datorren ostiraleko ezohiko bileraren deialdia adosteko, Kataluniako Ganberako erregistroan aurkeztutako dokumentuaren arabera.

Alderdi batzuek azaroaren 9ko kontsultari legezko bermea ematea nahi dute, besteak beste, CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP alderdiek. Indar politiko horiek erreferendumaren data eta bi galderak adostu zituzten Kataluniako Gobernuarekin abenduan.

PSCk legearen alde bozkatu arren, aurkeztutako zuzenketak ez onartuta ere, argi utzi zuen bere ikuspuntutik arau horrek ezin dezakeela azaroaren 9ko kontsultaren deia bermatu.

Sozialisten babesarekin, legea aurrera irtengo da. Ezohiko bilera politika orokorreko eztabaidaren (astelehenetik asteazkenera izango da) eta Eskoziako erreferendumaren ostean egingo dute.

Behin kontsulten legea hilaren 19an onartuta, Artur Mas Kataluniako presidenteak ordu gutxiren buruan azaroaren 9ko kontsultaren deialdirako dekretua sinatzea aurreikusita dago, nahiz eta Espainiako Gobernuak Konstituzionalaren aurrean bi helegite aurkeztuko dituela iragarri, legea eta dekretu ofiziala bertan behera uzteko asmoz.

Generalitateak eta kontsulta egitearen aldeko alderdiek araudia Konstituzioarekin eta Estatutuarekin bat datorrela uste dute, abuztuaren amaieran Estatutuaren Berme Batzordeak oniritzia eman ostean.

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Alderdi politikoak bideoak Kataluniako prozesua zuzenean