Politika -
Kataluniako Kontsulta
2.300 mossok baino gehiagok bermatuko dute segurasuna Diadan
Iaz baino ehun bat mosso gutxiago egongo dira Diadako segurtasun dispositiboan, egunean zehar izango diren manifestazioak eta ekitaldi instituzionalak zaintzen.
Erredakzioa
2.328 esquadra mossok parte hartuko dute Diadako segurtasun dispositiboan, irailaren 11n, herritarrek egun horretan egingo diren manifestazioetan eta gainerako ekitaldi instituzionaletan normaltasunez parte hartzea bermatzeko.
Ramon Espadaler Barne kontseilariak prentsaurrekoan ziurtatu duenez, Esquadra Mossoen dispositiboa irailaren 10ean hasi eta 11n bukatuko da, gauean. Diada "normaltasunez" ospatzea eta "sentsibilitate guztiek adierazpen askatasuna baliatzeko aukera izatea" bermatuko dute agenteek, Espadalerren esanetan.
Irailaren 10ean 832 mossok osatuko dute dispositiboa; izan ere, ekitaldi instituzionalak orduan hasiko dira. Irailaren 11n, ostera, 2.328 mossok parte hartuko dute. Kataluniako Biltzar Nazionalak eta Omnium Culturalak 'V' formako manifestazioa deitu dute eta dagoeneko 450.000 lagunek baino gehiagok eman dute izena.
Mosso gutxiago
Iaz baino ehun bat mosso gutxiago egongo dira Diadako segurtasun dispositiboan; izan ere, "alarma berezi" baterako elementurik ez dago, kontseilariaren ahotan.
Kataluniako egun nazionalean, 53 manifestazio (24 irailaren 10ean, 21 irailaren 11n eta 8 lan munduarekin lotuta) eta hainbat ekitaldi instituzional egingo dituzte.
Aliantza Nazionala eskuin muturreko alderdiak manifestazioa deitu du irailaren 11rako. Protesta honen ibilbidea aldatzea erabaki dute, kontrako ideologia duten manifestazioekin topo egitea saihesteko.