Politika -
Kataluniako Galdeketa
Galdeketa azaroaren 9rako deituko duela berretsi du Artur Masek
Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalean bi helegite jartzea erabaki arren, Kataluniako presidenteak aurrera egingo duela nabarmendu du.
Erredakzioa
Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidenteak berretsi du azaroaren 9rako deituko duela subiranotasunari buruzko galdeketa, atzo bertan Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernu presidenteordeak Auzitegi Konstituzionalean bi helegite aurkeztuko dituztela iragarri arren.
CDC eta UDC alderdiek Kontseilu Nazionala egin dute larunbat honetan Cerdanyola del Valles herrian, eta bertan galdeketa izan dute hizpide nagusi. Artur Masen esanetan, Espainiak "legezkoa den" galdeketa baimendu beharko luke, esanez "horrek Kataluniako gizartearen gehiengoaren nahia eta adostasun politikoa errespetatzea" ekarriko luke.
Bestalde, galdeketa babesten duten gainerako Kataluniako alderdi politikoei mezua bidali die: "Gauzak elkarrekin egiten ditugunean emaitzak hobeak dira". Mas eta Ramon Espadaler CiUko idazkari nagusi berria bat etorri dira egoeraren diagnostikoan. Bien iritziz, Kataluniako Gobernuak galdeketa deitzeko zilegitasuna du, izan ere, legezkoa da Kataluniako legeek Estatutua eta Konstituzioa errespetatzen dutela gainbegiratzeko organoak adierazi bezala.
Josep Rull CDCko koordinatzaile nagusiak "ezer ez" egiteko eta deialdia errespetatzeko deia egin zion Espainiako Gobernuari. Artur Masek errezeta beraren aldeko hautua egin du gaur, eta galdeketa egiten uzteko esan dio Rajoyren Gobernuari. Masen esanetan, galdeketak ez du egungo ordena konstituzionala urratzen. "Espainiako Gobernuak ezin ditu herritarrak engainatu galdeketa legez kanpokoa dela esanez", eta hori dela eta, jarrera aldaketa eskatu dio Masek Espainiako Gobernuari.
Espainiako Gobernuaren helegitea
Kataluniako Parlamentuak irailean onartu asmo duen galdeketa legeari eta ondoren galdeketa deitzeko onartuko duen dekretuari helegiteak aurkeztuko dizkio Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalaren aurrean. Masen esanetan, Konstituzionalak ez dauka galdeketa "bertan behera utzi beste aukerarik" eta, beraz, Masen iritziz, gakoa ez da Auzitegi Konstituzionalaren erabakia Espainiako Gobernuak helegiterik ez jartzea baizik. "Beraiek nahi badute galdeketa egingarria da eta Kataluniak galdeketa legezkoa dela frogatu du gainera. Borondate politiko kontua da", azpimarratu du. Zailtasun handiak egotekotan, galdeketa babesten duten alderdi politikoek bat eginik jardun behar dutela iritzi dio Artur Masek.