Politika -
Frantziako Gobernu berria
Emmanuel Macron, Hollanderen tximistorratz berria
Alderdi sozialistaren baitan, eskuin hegaleko kidea eta liberal borrokatua da Emmanuel Macron. Atzotik, Frantziako Ekonomia arduraduna da.
Erredakzioa
Emmanuel Macron da Frantziako Ekonomia ministro berria, François Hollande presidenteak izendatuta. Alderdi sozialistaren baitan, eskuin hegaleko kidea eta liberal borrokatua da. Ez du ibilbide politikorik egin, finantza alorrean trebatu da eta Hollandetik oso gertu izan da azken urteotan.
36 urterekin, ez da inoiz hauteskunde batzuetara aurkeztu, eta Arnaud Montebourg kritikoaren tokia hartuko du orain. Izan ere, Montebourgek Hollanderen Gobernuari egindako kritikek Exekutiboaren dimisioa ekarri dute.
Hollandek Macronekin batera egin zuen enpresei zergak jaisteko programa. “Erantzukizun hitzarmena” ezizena jarri zioten programari, eta, horri esker, Macronek presidentea erakarri egin zuen. Bi urtez, Macron ekonomia saileko idazkari nagusia izan zen, baina Eliseoa uztea erabaki zuen, Manuel Vallsen lehenengo Gobernuan ez zela egongo ikusi ondoren.
Alor pribatura itzultzea erabaki zuen. Rotchild bankuan hainbat urtez lan egin zuen, eta horrek alderdiko ezkertiarren kritikak piztu zituen.
Bankuan lan egiten zuen bitartean, Hollanderekin elkarlanean ere aritu zen. Izan ere, presidenteak enpresa-buruekin harremanak bere esku utzi zuten. Behin Eliseoan, kontseilari ekonomiko izendatu zuten.
Orain, Administrazio Eskolan trebatutako gazte honek Montebourgek martxan jarri nahi ez zuen plana aktibatu beharko du Frantzian.
Hizlari ona da Macron: Hollanderen hitzaldi batzuk ere idatzi egin ditu. Ekonomia alorrean Michel Sapin Finantza ministroarekin batera arituko da. Sapin Hollanderen lagun pertsonala da aspalditik.
Macronen izendapenarekin Bruselarekin harreman ona ziurtatu nahi du Manuel Vallsek. Aldaketa “ezinbestekoa” zen, Frantziako lehen ministroaren hitzetan.