Politika -
Krisi politikoa Frantzian
Hollandek Gobernu berria osatu du ministro kritikoak baztertuta
Frantziako presidenteak kritiko agertu ziren hiru ministroak alde batera utzi ditu. Vallsek Exekutiboaren buru izaten jarraitzen du, eta ia bi urteetan osatutako laugarren Gobernu taldea da.
Erredakzioa
François Hollande Frantziako presidenteak Exekutibo berria osatu du dagoeneko, laugarrena 2012ko maiatzean kargua hartu zuenetik, eta oraingo honetan ere Manuel Valls horren buru izango da. Aurreko taldeko ministro gehienek jarraituko dute, baina neurri ekonomikoak direla-eta kritiko agertu ziren hiru ministroak ez dira Gobernu berriaren kide izango.
Arnaud Montebourg orain arte Ekonomia ministroa izandakoak (berak egindako kritikek eragin dute krisi politikoa) ez du jarraituko, eta Emmanuel Macron orain arte Presidentetzako idazkari nagusi ondokoa izandakoak hartuko du bere lekua.
Benoit Hamonek ere politika ekonomikoarekin zalantzak zituela adierazi zuen; hortaz, Hezkuntza Ministerioaren buruzagitza Najat Vallaud-Belkacemek hartuko du, Frantziako historian kargu hori hartu duen lehen emakumea da.
Krikak publikoki adierazi zituen hirugarren ministroa, Kulturako ministroa da, hau da, Aurélie Filipetti. Horren ordez, Fleur Pellerin orain arte Turismoko Estatu idazkaria izandakoa sartuko da.
Astelehenean Gobernu-taldeak dimisioa eman eta Vallsek berria osatzeko erantzukizuna hartu ostean, Exekutibo berriak ez du aldaketa handirik izan, eta berdintasuna mantenduko du, zortzi gizonezko eta zortzi emakumezkorekin.
Edonola ere, Gobernuak bere izarrak mantendu ditu, esaterako, Laurent Fabios Kanpo Arazoetarako Ministerioan, Ségolène Royal Ekologian eta Christiane Taubira Justizian.
Azken horrek, kritikak botatako ministroei elkartasuna adierazi zien arren, kargua mantenduko du. Izan ere, homosexualen arteko ezkontzen legea berak bultzatu zuen.
Exekutibo berri honek ez du ministro ekologistarik izango, nahiz eta Vallsek alderdi horretako ordezkariekin zenbait bilera egin, baina Ezkerreko Muturreko Alderdiak hiru kide izango ditu talde berrian. Alderdi horrek 17 diputatu ditu, eta Gobernuak beharko ditu, sozialista asko kritiko azaltzen diren garai honetan.
Montebourg bere horretan mantendu da
Arnaud Montebourg Frantziako Ekonomia ministroak berretsi egin zuen atzo, astelehena, bere jarrera; "austeritate neurriek ez dute funtzionatzen" esan zuen, gainera, bere "askatasuna" berreskuratuko duela ez dela Vallesen talde berriaren kide izango iragarri zuen. Beraz, ez da ezusteko handirik izan Montebourg talde berrian ez dagoela iragarri dutenean.
Prentsaurreko batean Montebourgek esan zuenez, "nire erantzukizuna, Ekonomia ministroa naizen neurrian, egia esatea da: austeritate neurriek ez dute funtzionatzen eta gainera bidegabeak dira". Ministro honek azken egunetan egindako adierazpenek eragin dute Hollanden Gobernu osoaren dimisioa.
Montebourgek, halaber, nabarmendu zuen austeritate neurriak "zentzugabeak" direla "defizitak zailtzen dituzte, murriztu beharrean". Gainera, "beste bide bat" dagoela azpimarratu zuen eta berak bere "izaerari eutsi dio, pentsatzen duenari".