Politika -
Kataluniako galdeketa
Galdeketa da azaroaren 9rako 'plan bakarra', ERCren hitzetan
"Ziur nago denek abenduaren 12ko akordioa bete egingo dutela. Ez dut beste agertokirik aurreikusten”, esan du ERCko buruzagiak.
Erredakzioa
Galdeketaren alde dauden alderdi guztiek azaroaren 9an kontsulta egiteko konpromisoa bete egingo dutela esan du gaur Oriol Junqueras ERCko buruzagiak. Horren harian, Junquerasek ez du beste agertokirik edo planik aurreikusten eta ez du etorkizunean akordiorik egingo “egungoak betetzen ez dituztenekin”.
"Ziur nago denek abenduaren 12ko akordioa bete egingo dutela. Ez dut beste agertokirik aurreikusten, eta ez dut nahi”, esan du TV3ri eskainitako elkarrizketan.
Junquerasek ezin du imajinatu ere egin “norbaitek” erreferenduma egiteko lortu zuten akordioa “zatitzeko” edo “apurtzeko” lan egitea, eta, horrenbestez, alderdi horien artean “batasuna” mantenduko dela berretsi du.
ERCko ordezkariaren hitzetan azaroaren 9ari begira “kontsulta” egitea da duten plan bakarra. “Plan bakarra dago, akordio bakarra, eta adostu genuena azaroaren 9an galdeketa egitea da”, gaineratu du.