Politika -

Iazko aurrekontu berdina

Jaurlaritzak biktimen elkarteentzako diru-laguntzak onartu ditu

Terrorismoaren biktimak babestu eta haienganako elkartasuna eta arreta sustatzen duten elkarte eta erakundeei 260.000 euro ematea onartu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzak, Biktima eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren bidez, 260.000 euroko partida bat onartu du terrorismoaren biktimak babestu eta haienganako elkartasuna eta arreta sustatzen duten elkarte eta erakundeei emateko.

Jaurlaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, iazko diru kopuru bera da urte honetarako onartutakoa, eta terrorismoaren biktimen esparruan jarduten diren elkarte eta erakundeei zuzenduta dago, horien programak eta jarduerak laguntzeko asmoz.

Euskal Autonomia Erkidegoko zein kanpoko elkarteek jaso ahalko dute laguntza, elkarte horietako kideen artean lurralde honetan izandako ekintza terrorista baten kideren bat badago. Halaber, terrorismoaren biktimak artatzen dituzten pertsona eta erakundeek ere badute laguntza hori jasotzeko aukera.

Laguntza horien helburua da terrorismoaren biktimei arreta, informazioa eta babesa ematea, biktima bihurtu zituzten delituekin lotuta Auzitegi Nazionalean egiten diren epaiketetara laguntzea (biktimei edo senideei), biktimei eurei eta horiek zaintzen dituztenei laguntza psikosoziala eskaintzea, terrorismoaren biktimei buruzko foro, ikastaro edo mintegiak egitea eta balio etiko eta demokratikoak sustatzeko heziketa-proiektuak sustatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea