Politika -
Hauteskunde erreforma
EAJk Europara eramango du PPren 'demokraziaren aurkako' erreforma
PSOEk, aldiz, 'popularrek' onartu nahi duten hauteskunde erreformaren aurkako 'erasoa' iragarri du. Sozialistek udaletan ekimenak aurkeztuko dituzte eta oposizio osoa batzen saiatuko dira.
Erredakzioa
Izaskun Bilbao EAJko eurodiputatuak azaldu du bere alderdiak Gobernuak proposatutako "demokraziaren aurkako" hauteskunde erreforma Europako Parlamentura eramango duela. Aldaketa horrekin, alkateak zuzenean hautatu nahi ditu PPk, eta baldintza horiekin onartuz gero, salaketa jarri ahal izateko aukera bilatu nahi dute jeltzaleek Europan.
"Beste formula batzuk" posible direla esan duen arren, Bilbaok azpimarratu du norbaitek negoziatzea nahi duenean, ez duela "entzun soilik" egiten, "PPk egin duen moduan".
Onda Vascari eskainitako elkarrizketan, jeltzaleen ordezkariak adierazi du Europako Parlamentuko liberalen eta demokraten talde parlamentarioa (ALDE; bertan dago EAJ) "auzi honegatik kezkatuta" zegoela.
"Demokraziaren aurkako erreforma bat dela uste dugu, jarraitutako prozeduragatik eta helburuengatik, xede bakarra PPri mesede egitea baita", azaldu du.
Hori dela eta, datozen hilabeteetan ALDEk "Bruselarik jarrera eta salaketa ezartzeko lana" egingo duela esan du, "orain proposatu den moduan" onartzen bada erreforma.
Bilbaok kritikatu du "hauteskundeen atarian, presaka" proposatu duela aldaketa PPk. Jeltzaleak "beti eztabaidatzeko prest" daudela esan du, baina, eurodiputatuaren arabera, "horiek ez dira eman beharreko pausoak" eta ez daude ados "edukiarekin".
PSOEk erreformaren aurkako 'erasoa' hasi du
Bestalde, PSOEk PPren hauteskunde erreformaren aurkako "erasoa" iragarri du, eta beste alderdiei bat egiteko eskatuko die, oposizio osoak "mozorrotutako jauntxokeria" horri aurre egiteko.
Cesar Luena PSOEko Antolakuntza idazkariak erreforma gelditzeko hartuko dituzten neurriak azaldu ditu. "Erabateko desadostasuna gidatuko dugu, gehiengo absolutua ezin baizaie forma demokratikoei gailendu", adierazi du Luenak, eta udaletan mozioak aurkeztuko dituztela esan du.
PSOEko Antolakuntza idazkariak "Alderdi Popularraren azken amarrua" erabat errefusatzen duela esan du, eta Mariano Rajoy Gobernuko presidenteari eskatu dio "lozorrotik" esnatzeko eta hauteskunde legea "Gobernuak, PPk edo Arenas jaunak" proposatu duen argitzeko.
Sozialistek erreforma "PPren eta Javier Arenasen ideia" dela uste dutela esan du Luenak. "Ez da erreforma bat, ezkutatutako jauntxokeria bat da, mugiarazten dituen gauza bakarra, botere nahia, ezkutatu nahi baitute erreforma horrekin", azpimarratu du.
Bestalde, Patxi Lopez PSEko idazkari nagusiak PPri adierazi dio PSOE ez dela "inolaz ere" "negoziazioaren amarruan" eroriko, eta eskura dituen "mekanismo guztiak" erabiliko dituela hauteskunde erreforma gelditu ahal izateko.
Lopezek azpimarratu du PPren proposamena ez dela "demokraziaren kalitatea hobetzeko edo birsortzeko asmoa duen erreforma bat", zenbait udaletan "boterea mantentzeko" estrategia bat dela baizik.
Euskal sozialisten buruaren ustez, 'popularren' egungo jarerrarekin, "ez dago negoziatzeko inolako aukerarik", eta adostasuna lortzeko modua "kalitate demokratikoa hobetzeko erreforma" bat proposatzea izango litzatekeela adierazi du.
PP: 'Erreforma eztabaidara irekita dago'
Iñigo de la Serna Santanderreko alkate eta Espainiako Herri eta Probintzien Federazioko (FEMP) presidenteak berretsi du PPren proposamena "elkarrizketara eta eztabaidara irekita" dagoela, eta ez dela "lerro gorririk" marraztu.
"Mariano Rajoyk argi utzi du eztabaida ireki nahi duela; ez du lerro gorri bat marraztu nahi, alderantziz, elkarrizketarako deia egin du, eta prozesu horretan egon behar dugu orain", esan du De La Sernak.