Politika -
Pujol auzia
Pujol familiak kereila jarri du Andorrako bi banketxeren aurka
Sekretuak diren banketxe-datuak zabaltzeagatik kereila jarri du Pujol familiak. Justiziak kontu horietara sarbide izatea ekidin nahi dute.
Erredakzioa
Pujol familiak kereila jarri du Andorrako bi banketxeren aurka, berez sekretuak diren banketxe-datuak kaleratzeagatik. Ekinbide horrekin, Justiziak kontu horietara sarbide izatea saihestu nahi dute.
Diari d’Andorraren arabera, Pujol familiak ondorengo idatziak aurkeztu ditu:sekretuak diren banketxe-datuak zabaltzeagatik kereila bat ezezaguna den pertsona baten aurka, eta errekurtso bat Ruzen erregu-komisioaren kontra. Komisio horretan, epaileak familiak Andorran dituen ondasunen inguruko informazioa eskatu du epaileak.
Agerraldia
PSOEk Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio Publikoko ministroaren agerraldia eskatu du Kongresuan, Pujol familiako kideren batek amnistia fiskalari heldu ote dion azaldu dezan.
Sozialistek argitu nahi dute ea Kataluniako presidente ohiaren senitartekoren batek erregularizazio fiskalari heldu ote dion, eta ea Zerga Agentziak diruaren jatorria zehazteko ikerketarik jarri ote duen abian.
Pedro Saura sozialisten Kongresuko Ogasun bozeramaileak prentsa ohar batean azaldu du alderdiak uste duela ez dela dirua nondik etorri den argitzeko ikerketarik abiatu. "Amnistia fiskalak iruzurgileekin akordioak egitea esan nahi du, erregulatutako kapitalen eta ondasunen jatorria ez ikertzeko".
PSOEk gogorarazi du "behin eta berriz" eskatu duela "amnistia fiskalari heldu dioten iruzurgileen datuen publikazioa". 30.000 inguru izan daitezke, sozialisten ustez.
Saurak adierazi du informazio hori "beharrezkoa" dela, "Espainiako demokraziako ondo jantzitako iruzurgileen zati handi batek" amnistiari heldu ziola uste baitu. Gainera, izen-abizenak argitaratzea "derrigorrezkoa" dela esan du, "bai gardentasunaren aldetik, baita gizartearen kontzientzia fiskala hobetzeko ere".
Sozialistek Montorori zuzendutako kasuaren inguruko galdera bat erregistratu zuten behe ganberan, eta haren agerraldia hilaren amaieran izan dadin nahi dute, hurrengo bileran.
Iruzurraren Aurkako Bulegoak Manos Limpias auzitara eramango du
Kataluniako Iruzurraren Aurkako Bulegoak (OAC) Manos Limpias sindikatuaren aurkako kereila jarriko du irainengatik. Izan ere, Miguel Bernad sindikatuko idazkari nagusiak atzo berretsi zuen OACk "beste aldera begiratu" zuela Jordi Pujol agintean egon zenean.
Daniel de Alfonso OACko zuzendariak gaur jakinarazi du sindikatu ultraeskuindarra auzitara eramango dutela, akusazioak bertan behera utzi ez dituztela egiaztatu ostean.
Jose Maria Fuster-Fabra abokatuak osatuko du irainengatik kereila, eta iraileko lehen eta bigarren hamabostaldiaren artean aurkeztuko da. De Alfonsoren ustez, sindikatuak delituak atzemateari uko egiteko delitua leporatu dio Bulegoari.
Zuzendariak OACren lana defendatu du, eta Hotel del Palau kasua auzitara eraman zuela eta zenbait ustelkeria politiko kasu (Torredembarra, GISA eta Pretoria, esaterako) argitu dituela azpimarratu du.