Politika -
Irailaren 11an
Iceta: 'Ez dira militanteak zigortuko Diadako ekimenean egoteagatik'
"Manifestaziora joan nahi duenak aukera izango du", esan du PSCren idazkari nagusiak. Icetaren esanetan, aurtengo ekimenak izaera soziala izango du.
Erredakzioa
Miquel Iceta PSCren idazkari nagusiak ukatu du Asemblea Nacional Catalanak (ANC) Diada dela eta independentziaren alde antolatutako ekimenean (V handi bat osatuko dute Glories enparantzan) parte hartzen duten PSCko militanteek zigortuko dituztenik.
Europa Press albiste agentziak egindako elkarrizketa batean zabaldu duenez, erabaki ofiziala uda ostean egitekoa den bilera batean hartuko du PSCren Zuzendaritzak, baina bera Pere Navarrok iaz agertutako iritzi berekoa da; giza-katean parte hartu zuten afiliatuek ez zuten zigorrik jaso.
Bestalde, militanteei erabakiak hartzeko "askatasuna ematea" esamoldea ez zaiola gustatzen adierazi du Icetak, dagoeneko badutelako, afiliatuak badira ere, "hiritarrak" dira, hortaz, inolaz ere ezin dakieke eskubiderik mugatu.
"Manifestazioan parte hartu nahi duenak egiteko aukera izango du", esan du PSCren idazkari nagusiak. Icetaren esanetan, aurtengo ekimenak izaera soziala izango du, hori dela eta, ez dio garrantzia handirik eman sindikatuek egin lezaketen ekarpenari.
"Kataluniarren gehiengo batek badaki horrela ez dagoela jarraitzerik", eta aldaketak eta berriztatzea izatea nahi dutela adierazteko moduetako bat mobilizazioan parte hartzea da.
"Desberdintasunen kontra egiteko garaia da, pobreziarekin bukatu, politika duinago egin, ekonomia suspertu" eta, halaber, Estatuarekin akordio berri bat egiteko garaia ere bai. Icetak esan duenez, PSC helburu horiek bete nahi dituzten guztiekin egongo da.