Politika -
Adierazpenak Gironan
Jordi Pujol, 'Justiziaren eta Ogasun erakundeen' esanetara
Kataluniako Parlamentuan azalpenak emateko agerraldia egingo duen ez du oraindik erabaki Generalitateko presidente ohiak. "Ikusiko da", adierazi du Queralbseko (Girona) udako etxean.
Erredakzioa
"Justiziaren eta Ogasun erakundeen" esanetara dagoela esan du gaur Jordi Pujol Kataluniako presidente ohiak Queralbseko udako etxean. Bere familiak iruzur fiskala egin eta dirua atzerrian duela aitortu eta gero Gironan dago Pujol.
Pujol Gironako udako etxean ezkutatu da eskandalua jakitera eman eta gero. Hala ere, kazetari ugari etxearen aurrean zituela ikusita, adierazpenak egitea erabaki du presidente ohiak, nahiz eta argitaratutako agirian esandakoa berretsi.
Kataluniako Parlamentuan azalpenak emateko agerraldia egingo duen ez du oraindik erabaki Generalitateko presidente ohiak. "Ikusiko da", adierazi du Queralbseko udako etxean.
"Ondo" dagoela errepikatu eta agiria argitaratzeko erabakia justifikatu du Jordi Pujolek. "Azalpen bat ematea ona" zela uste du buruzagi ohiak.
Jordi Pujol Kataluniako presidente ohia Queralbseko (Girona) udako etxean. Argazkia: EFE
Familiako kideen ustezko delitu ekonomikoen inguruan hurrengoa adierazi du: beharrezkoa bada gaia "planteatuko da", baina "informazioen" inguruan jarrera bat azaltzeari uko egin dio.
"Lasaitasuna"
Gainera, komunikabideetan argitaratutako informazio guztiak jarraitu ez dituela onartu du Kataluniako presidente ohiak. Queralbseko udako etxean, Piriniotan, "lasaitasun pixka bat" bilatzen ari dela gaineratu du.
Azken orduetan Pujol ikusi dute Queralbsen bildutako kazetariek. Udako etxearen ateetan bildu dira Pujol bertan zegoela ezagutu eta gero.
Pujol Queralbseko kafetegi batera joan da goizean. Herritarrek agintari ohia agurtu dute.
"Gero eta erretiratuago" zegoela azaldu du presidente ohiak, eta ondorioz, momentuz agerraldi publiko gehiagorik egingo ez duela esan du.