Politika -
Profila
Pedro Sanchez, egunetik egunera PSOEren buru bihurtu den militantea
Duela hilabete bat inork gutxik ezagutzen zuen, baina aise eta erraz lortu ditu PSOEko idazkari nagusi izateko babesak.
Erredakzioa
Pedro Sanchez (Madril, 1972) PSOEko idazkari nagusi bihurtu da, duela hilabete bat guztiz ezezaguna bazen ere. Aise lortu du, gainera, barne hauteskundeetan militanteen babes zabala eskuratuta eta alderdi sozialistako baroi gehienen oniritzia jasota.
Erakargarritasun handikoa da, eta alderdira "aldaketa" ekartzea eta "batasuna" bermatzea eskainita aurkeztu zuen hautagaitza.
"Errepidearen hautagaia" izango zela aurreratu zuen Pedro Sanchezek, eta bete egin zuen. Izan ere, duela zortzi hilabete Espainiako federazio sozialistetara hurbiltzen hasi zen, militanteekin hitz egiteko, babesak ia banan-banan biltzen, eta 30.000 kilometro egin zituen autoan.
PSOEren Idazkaritzarako bidean, beste bi hautagaiek baino abal gehiago lortu zituen: 41.338 Pedro Sanchezek, 25.238 Madinak eta 9.912 Perez Tapiasek.
Batik bat, Andaluzian jaso du babes handiena, hau da, PSOEren federazio garrantzitsu eta jendetsuenean. Horregatik, PSOEren 'aparatuaren' eta Susana Diaz Andaluziako Gobernuko presidentearen hautagaia zela ere esan diote.
Sanchezek ingelesa eta frantsesa hitz egiten ditu, eta hainbat ikasketa ditu: Ekonomia Zientzietan lizentziaduna da, eta master bat du Ekonomia Politiko Europarrean, besteak beste.
NBEko Nazioarteko Harremanen departamenduan eta NBEk Bosnian duen goi-ordezkariaren kabinetan egin zuen lan, eta bi urtez aholkulari izan zen Europako Parlamentuan.
Horren ostean, ekonomialari gisa aritu zen Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuko azken urteetan. Hain zuzen ere, Trinidad Jimenezen taldean aritu zen, eta, ondorioz, 2003. urteko udal hauteskundeetako zerrendan sartu zuten, Madrilen.
Kongresuan 2009. urtean sartu zen lehen aldiz, Pedro Solbesek eserlekua utzi zuenean. Hurrengo legegintzaldian ez zuten zuzenean hautatu diputatu, baina Cristina Narbonak kargua utzi zuenean sartu zen Behe Ganberan.
PSOEren buruzagi gorena bihurtu izana ere uko baten ondorio izan da, Susana Diazek hauteskunde primarioetara aurkeztu ez izanak ireki baitzizkion Ferrazen ateak.
2013. urtean, PSOEren hurrengo hamarkadarako proiektu politikoa finkatu zuen Konferentzia Politikoaren koordinatzaileetako bat izan zen.
Anbizio handikoa da, bi alaba ditu eta gaztetan saskibaloi jokalaria izan zen, Estudiantes taldean.