Politika -

Espetxe-politika

Maeztu: 'EAJk badaki presoen idatziak baztertzen ari direla'

EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu du EPPK-ko presoak gizarteratzeko idatziak erregistratu dituztela, baina eskaera horiek atzera botatzen ari direla eta EAJk horren berri baduela.

Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkidea Radio Euskadin.
Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkidea Radio  Euskadin.
Maeztu: 'EAJk badaki presoen eskaerak baztertuak izaten ari direla'

Erredakzio

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du EAJ presoen auzia "koalizio soberanistaren eta ezker abertzalearen aurka egiteko" erabiltzen ari dela, eta jokabide hori "doilorra eta deitoragarria" dela erantsi du.

Radio Euskadin egindako elkarrizketan esan duenez, "EAJren kudeatze okerra agerian uzten duten gaiak (Noticias Taldeari ordaindutako legez kanpoko publizitatearena edo Epsilon eta Hiriko proiektuen porrotarena, adibidez) ezkutatu nahi dituzte presoen afera aterata".

Horrez gain, Maeztuk gogora ekarri du presoen auzia "gai delikatua dela, oinarrizko giza eskubideen urraketaz ari garelako, une honetan ematen den urraketarik larriena".

Ildo horretan, dispertsioaren ondorioz astero presoen senide eta lagunek errepideetan euren bizia arriskua jartzen dutela gaineratu du, eta gaixotasun larriak dituzten presoak espetxean "beharrezkoa duten osasun asistentziarik gabe" mantentzen dituztela azpimarratu du.

"Hau guztia Espainiako Gobernuaren mendeku eta umiliazio politikaren ondorioa da, eta EAJk, oinarrizko giza eskubideen urraketa hori salatu beharrean, Rajoyren Exekutiboarekin bat egitea nahiago izan du", kritikatu du.

Presoen eskakizunak

Asier Arronategi presoak joan den astean notario aurrean egindako deklarazio baten ondorioz baldintzapeko askatasuna lortu duela eta, EH Bilduko legebiltzarkideak errespetuz hartu du erabaki partikular hori.

Hala ere, errespetu bera eskatu du "irtenbide kolektiboaren alde" egin duten presoentzat; izan ere, "azkenean, idatziak aldebakarrekoak dira, modu koordinatuan egin dira eta erabaki kolektibo baten ondorio dira", zehaztu du.

Gauzak horrela, Maeztuk nabarmendu du EPPK-ko presoek "idatzi indibidualak" erregistratu dituztela, baina eskakizun horiek "atzera botatzen" ari direla eta EAJk horren berri baduela.

"Egungo legediaren baitan dagozkien eskubideak aplikatzeko idatziak aurkeztu dituzte, baina eskaerak atzera botatzen ari dira. Horixe da errealitatea, eta EAJk badaki", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea