Politika -
Elkarrizketa Egunon Euskadin
Kutxabanken gizarte ekintza bermatuta dago, Ortuzarren ustez
EBBko presidenteak EH Bildu kritikatu du: hainbat hilabetetan ez omen du alderdien arteko elkarrizketetan parte hartu eta akordiorako luzatu duen deialdiak ez omen du sinesgarritasunik.
Erredakzioa
Kutxabanken kontrol publikoa eta gizarte ekintza bermatuta daude, Andoni Ortuzarren arabera.
"Eredu bat dago eta legearen hala eskatuta aldaketak egin behar ditugu, baina euskal gizartearen mesederako, gaur daukaguna ez bakarrik mantentzeko baizik eta indartzeko", esan du EEBko presidenteak. "Kutxabank euskalduna da eta euskalduna izango da", azpimarratu du.
Horren harira, "Fundazioaren aniztasuna orain kutxa bakoitzak duenaren modukoa izan behar da", gaineratu du Ortuzarrek. Horrela, "euskal industria eta ekonomia berpizteko" lanean jarriko omen dute Kutxabank, eta hori "bermatuta" dago.
"Zer asmo ilun dago ezker abertzalearen jarreraren atzean? Ez dut ulertzen behin eta berriz azaldu diegulako hori".
Euskadi Buru Batzarreko presidenteak EH Bilduren aurka jo du Egunon Euskadin egin duen elkarrizketan. Ortuzarrek adierazi du hainbat hilabetetan ez duela alderdien arteko elkarrizketetan parte hartu eta orain, akordiorako luzatu duen deialdiak ez duela sinesgarritasunik.
Bestalde, Espainiako errege-erreginak atzo Gironara egindako bisitaz galdetuta esan du, ikusteko dagoela, Felipe VI.ak Katalunia eta Euskadirekiko izango duen jarrera. Benetako keinuak edo makillaje hutsa diren frogatzeko denbora behar dela adierazi du. Dena den, moderatzaile lana tokatzen zaio Espainiako erregeari, gogoratu du Ortuzarrek, Gobernua da auziari heldu behar diona.
Andoni Ortuzarrek adierazi du PPko Gobernua euskal autogobernua "estaltzen" ari dela, euskal hiritarrek, alderantziz, autogobernu gehiago eskatzen dutenean "etorkizuna definitu eta erabakitzeko".
"Ez dut uste Eusko Jaurlaritza blokeatzea helburu dutenik, beraien izaera dela baizik. Espainiako Gobernua Madrilen dago soilik eta Estatuaren administrazio zentrala baino ez dago", esan du.