Politika -

Noos auzia

Cristina infanta auzipetu egin du Castro epaileak

Pedro Horrach Ustelkeriaren aurkako fiskalak Cristina infantaren inputazioaren aurka helegitea jarriko duela aurreratu du. Izan ere, horren aurkako zantzurik ez dagoela argudiatu du.

Cristina infanta. EiTB
Cristina infanta. EiTB
Castro epaileak Cristina Borboikoa inputatu du

1:27

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Castro Noos auziko instrukzio-epaileak Cristina Borboikoa, Felipe VI.a erregearen arreba, akusatuen eserlekuan eserarazteko bidea abiatu du, horren inputazioa berretsita. Dirua zuritzea eta delitu fiskalak egotzi dizkio.

Castrok amaiera eman dio Noos auziko ikerketari, lau urteren ostean, eta akusatuen eserlekuan nortzuk eseri beharko liratekeen zehaztu du. Orain, Fiskaltzak eta akusazioek 20 eguneko epea edute, epaiketa egin edo ez eskatzeko.

Autoan, Cristina infantaren senarra, Iñaki Urdangarin Palmako dukea, ere auzipetu du Castrok, eta guztira bederatzi delitu egotzi dizkio, tartean dirua bidegabe erabiltzea, iruzur egitea eta prebarikazioa.

Orotara, 16 pertsona auzipetu ditu Castrok, hala nola Diego Torres, Noos Institutuko fundatzaile eta Iñaki Urdangarinen bazkide ohia; eta Jaume Matas Balearretako Gobernuko presidente ohia.

'Isilpean lagundu zion'

Ustezko ustelkeria delituetan "bere onurarako" parte hartu zuela frogatzeko "zantzu nahikoak" daudela adierazi du Castrok bere autoan. Horrez gain, bere senarrak delitu horiek egiteko bitartekoak erraztu zituela eta "isilpean" lagundu ziola ebatzi du epaileak. Epaileak ez du iritzirik eman nahi izan infantak jarrera hori mantentzeko argudiatu zituen arrazoien inguruan (bere senarrarekiko miresmena, maitasuna eta konfiantza).

"Aro bat bukatu da", adierazi du epaileak, Palmako 3. zenbakiko Instrukzio epaitegira heltzean. Dena dela, oraindik ere aldeek helegiteak jar ditzaketela gogorarazi du.

Autoaren arabera, Cristina Borboikoa senarrak 2007. eta 2008. urteetan egindako 337.138 euroko iruzurreko "halabeharrezko kolaboratzailea" izan zen. Aizoon enpresaren bitartez (Palmako duke-dukesak ziren jabeak, % 50ean) egin ei zuten iruzurra, zegozkienak baino zerga gutxiago ordaintzen saiatzeko.

Hain zuzen ere, Aizoon enpresa faltsu bat zela (ez zuen langilerik ezta egoitzarik ere) eta Noos Institutuak lortutako diru publikoa desbideratzeko erabilitako bideetako bat zela argudiatu du epaileak.

Aizoon "entitate familiar xumea" bat izatea eta helbidea hainbataten aldatzea eta helbide hura askotan Noos egiturarenarekin bat etortzea ez datorrela bat iritzi dio Castrok.

Modu "bidegabean" Noos Institutuak lortutako etekinak banatzeko Aizoon sortu zutela adierazi du epaileak. Urdaingarinek zenbait enpresei emandako ustezko zerbitzuen fakturak egiteko eta etekin hori ez deklaratzeko ere erabili zuten, Castroren arabera.

Dirua zuritzea ere egotzi dio infantari. Cristinak hainbat gastu pribatu Aizoonetik lortutako etekinekin ordaindu zituela esan du epaileak.

Castrok azaldu duenez, Urdaingarin eta Cristinaren hainbat faktura aurkitu dituzte, non gastu pribatuak, zerbitzuak edota erosketak Aizoon sozietatearen bitartez ordaintzen zituzten.

Fiskaltzak helegitea jarriko du

Pedro Horrach Ustelkeriaren aurkako fiskalak Cristina infantaren inputazioaren aurka helegitea jarriko duela aurreratu du. Izan ere, horren aurkako zantzurik ez dagoela argudiatu du.

"Den pertsona izateagatik auzipetu dute", adierazi du fiskalak. Horren hitzetan, beste pertsona bat izatekotan, ez litzateke Noos auzian inputatua izango, "eta inork ez luke berari buruz hitz egingo". Efe agentziari egindako adierazpenen arabera, infanta modu "bidegabean" tratatu dute eta "330 pertsonen lekukoa entzun ondoren" infantaren aurkako elementurik ez dagoela berretsi du.

Castro epaileak urtarrilaren 7an inputatu zuen erregearen arreba, eta orduan ere Fiskaltzak aurka egin zuen.

'Errespetua' Errege Etxetik eta Gobernutik

Errege Etxeak "botere judizialaren independentziari errespetu osoa" adierazi dio gaur, Noos epailearen erabakia jakin ondoren.

Bestalde, Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroak Castro epailearen erabakiaren aurrean "errespetua" adierazi du eta helegitea jartzeko aukera dagoela gogoratu du. Espainian legea "denontzat berdina" dela azpimarratu du Gallardonek, infantaren inputazioaren ondoren.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñaki Urdangarin albisteak