Politika -
Juan Carlos I.aren abdikazioa
Kongresuak Juan Carlos forudun izateko lehen pausoa emango du gaur
Erregeak udako oporrak iritsi baino lehen izango du babes judizial berezia. Ondorioz, Auzitegi Gorenak baino ezingo du epaitu.
Erredakzioa
Diputatuen Kongresuak Juan Carlos I.a eta Sofia errege-erreginak forudun izateko izapideak hasiko ditu gaur.
Hain zuzen ere, Botere Judizialaren Lege Organikoa erreformatzeko lege bati zuzenketak jarriz gauzatuko du PPk aforamendua.
Horrela, Juan Carlos I.ak eta Sofiak babes judizial berezia izango dute, eta Auzitegi Gorenak baino ezingo ditu epaitu, Letizia erreginarekin eta Leonor Asturiasko printzesarekin gertatu bezala.
Izapide horren bidez, udako oporrak heldu baino lehen izan litezke forudunak. Erreforma beste prozedura batekin egin izan balute, errege-erreginek hainbat hilabete itxaron beharko zituzketen aforamendua lortzeko.
Gaur, Kongresuko lantalde batek txostena idatzi eta gero, Justizia Batzordea deituko dute, eta horrek oniritzia eman beharko dio erreformari. Ondoren, osoko bilkurara igorriko dute, eta bertan gehiengo osoz onartu beharko dute. Horren ostean, Senatura bidaliko dute.
Orain arte, UPNk eta Foro Asturiasek baino ez diote babesa agertu prozedura honi, eta Izquierda Unida, ERC, UPyD eta Amaiur aurka agertu dira. Gainera, Eusko Jaurlaritzak neurria "premia handiz" onartu nahi izatea kritikatu du.
PSOEk ez du argitu bere jarrera, baina Eduardo Madina Talde Sozialistako idazkari nagusiak eta alderdiko burua izateko hautagaiak prozesuari "lasaiago" heltzearen alde egin du.
Foruduna 15 egunean
Mariano Rajoy Espainiako gobernuko presidenteak esan du Juan Carlos erregea foruduna izan daitekeela 15 egunean; Parlamentuan arau hori bideratzeko beharrezkoa den denboran, hain zuzen ere.
"Logikoa eta arrazoizkoa" da, bere ustez, justiziaren aurrean foruduna izatea eta oso zaila omen da hori eztabaidatzea Espainia mailako zein autonomia mailako parlamentariek eta beste hainbat karguk baldintza hori dutenean.
Forupeko egiteko formulari dagokionez, garrantzitsuena ez da azkarrago edo arinago egitea, Rajoyren ustez, "gauzak ondo egitea" baizik.