Politika -
Felipe VI.aren proklamazioa
Urkulluk ez du berritasunik igarri Felipe VI.aren hitzaldian
Urkulluk ez du aldaketarik igarri erregeak egindako hitzaldian. Lehendakariak hainbat aldiz txalotu du Felipe VI.aren diskurtsoa, besteak beste, ETAk eragindako biktimei aipu egiterakoan.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak ez du estatu ereduaren inguruan "inolako berritasunik" antzeman Felipe VI.ak errege proklamatu ondoren egin duen hitzaldian; izan ere, "ez dio inolako aipamenik egin estatu nazio anitzari eta ezta nazionalitate ezberdinei, baina bai, ordea, subiranotasun nazionalari".
Felipe VI.a errege proklamatzeko Espainiako Diputatuen Kongresuan egin den ekitaldian parte hartu du Iñigo Urkullu lehendakariak eta erregearen hitzaldia entzun du.
Lehendakaritzako iturriek azaldu dutenez, lehendakariak ez du "inolako berritasunik igarri orain arte Estatu ereduaz entzun denarekin alderatuta. Ez dio aipamenik egin estatu nazio anitzari eta ezta nazionalitate ezberdinei ere, baina bai, ordea, subiranotasun nazionalari".
"Besterik gabe Estatuaren aniztasunari keinu egin dion hitzaldia izan da", Lehendakaritzaren iturrien arabera.
Dena den, Euskaditik eskatzen den estatu eredu berriarekiko erregeak duen konpromisoa epaitzeko goizegi dela adierazi du. "Akordioak lortzeko borondatea eta elkarrizketa eskaintzeko garaia da", gaineratu du.
Bilera bat deitzea eskatu dio Urkulluk Felipe VI.ari
Iñigo Urkullu lehendakariak zorionak eman dizkio Espainiako Felipe VI.ari proklamazio ekitaldian eta epe laburrean bilera bat deitzeko eskaera luzatu dio.
Horrez gain, polemika piztu da Urkulluk Felipe VI.aren adierazpen guztiak txalotu ez dituelako. Jaurlaritzako iturriek zehaztu dute lehendakariak hainbat aldiz txalotu duela Espainiako erregearen diskurtsoa, hala nola, Errege Familia Kongresuan sartu denean, ETAk eragindako biktimei aipamena egin dienean eta diskurtsoan bukaeran.
Felipe VI.aren hitzaldia amaitzean, lehendakariak Espainiako errege-erreginak agurtu ditu, baita Leonor eta Sofia alabak ere. Une hori baliatu du Urkulluk Felipe VI.ari bilera eskatzeko.
Lehendakariak uko egin dio koroatzearen ostean egindako desfile militarrera joateari eta bestelako ekitaldietan parte-hartzeari, aurretik iragarri zuen moduan.