Politika -

Felipe VI.aren proklamazioa

Gernikatik Azkunaren hiletara; Feliperen bisitak Euskal Herrira

Hamaika aldiz izan da Asturiasko printze gisa Euskal Herrian. Gehienak enpresa munduarekin loturiko bisitak izan dira, baina ETAren biktimen hileta batzuetan ere izana da.

Felipe Borboikoa Leireko monasterioan ikusi genuen azken aldiz Euskal Herrian. Artxiboko irudia: EFE
Felipe Borboikoa Leireko monasterioan ikusi genuen azken aldiz Euskal Herrian. Artxiboko irudia: EFE
Felipe VI.a hainbatetan izan da Euskal Herrian

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaurtik aurrera Felipe VI.a da Espainiako errege berria. Juan Carlos I.a erregeak abdikazioa iragarri eta hamazazpi egunera hartu du tronua orain arte Asturiasko printze izan denak.

Errege gisa egin duen lehen hitzaldian adierazi du Koroa dela Espainiako batasunaren ikurra, eta 1978ko Konstituzioak onartzen duen aniztasuna Espainiaren nortasunaren ezaugarri dela. Halaber, gaztelaniaz, katalanez, euskaraz eta galizieraz agurtu du bere hitzaldia Espainiako errege berriak. Hitzaldian erreferentzia zehatza egin dio estatu ereduari, eta herri eta kultura guztiek Espainian tokia dutela azpimarratu du.

Koroatze ekitaldiaren harira, Felipe Borboikoak Euskal Herrira egin dituen bisiten errepasoa egingo dugu. Hamaika aldiz izan da Asturiasko printze gisa Euskal Herrian, gehienak enpresa munduarekin loturiko bisitak izan dira, baina ETAren biktimen hileta batzuetan ere izana da. Azken aldiz, Nafarroan, Leireko monasterioan izan zen Felipe Borboikoa Vianako Printzearen sari banaketa ekitaldian, hain zuzen ere.

Euskadi Irratian, Euskal Herrira egindako bisiten laburpena egin dute.

Felipe Borboikoak 13 urterekin egin zuen lehen bisita ofiziala Euskal Herrira. Aitaren eskutik, Gernikako Juntetxera joan zen; eta bertan, Herri Batasuneko ordezkariek ezker eskua goratuta eta "Eusko Gudariak" abestuz egin zieten ongietorria. 1981eko lehen bisita hartan Santurtzin eta Bizkaiko Labe Garaietan ere izan zen, eta haren izena jarri zioten Santurtziko kai mutur bati.

Hortik aurrera egin dituen bisita gehienak enpresa munduarekin loturikoak izan dira. Sarritan parte hartu du kongresu, jardunaldi eta enpresen inaugurazio ekitaldietan, eta ETAk indarkeria armatua behin betiko amaitutzat eman ostean, gehiagotan etorri da Euskal Herrira. Hain zuzen ere, ETAren biktimen hileta elizkizunetan askotan izan da.

Esate baterako, Miguel Angel Blanco Ermuko zinegotzi popularraren, Piñuel guardia zibilaren eta Puelles poliziaren hiletetan izan zen. Bestalde, Iñaki Azkuna Bilboko alkatearen azken agurrean ere parte hartu zuen, Felipe Borboikoarekin zuen laguntasuna zela eta.

Euskal sukaldaritza gustuko du Felipe Borboikoak, eta Juan Mari Arzak sukaldari euskaldunak prestatu zuen errege-erreginen ezkontza bezperako afaria. Ondorengo eztei bidaian, Arzak jatetxea bisitatu zuten.

Aitarekin Gernikara egindako lehen bidaia hartan bezala, egoera deserosoak bizi izan ditu sarritan Felipe Borboikoak Euskal Herrian. Iruñean, esaterako, eztabaida bat izan zuen emakume errepublikazale batekin; eta Bilbon, erabakitzeko eskubidearen aldeko oihuekin hartu zuten EH Bilduko legebiltzarkideek, maiatzean izandako ekitaldi batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Felipe VI.a bideoak