Politika -

Koroaren oinordekotza

Hasi da Felipe VI.aren erregetza, abdikazio legea indarrean sartuta

Errege aldarrikapena ostegun honetan egingo dute, 10:30ean, Diputatuen Kongresuko ekitaldian.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Felipe VI.aren erregetza abian da. Ekainaren 19an, 00:00etan, hasi du erregetza Felipe Borboikoak, Juan Carlos I.a erregearen abdikazioa jasotzen duen legea Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin batera. Bertan kaleratu den unean jarri da berau indarrean.

Leonor infantak ere kargua estreinatu du. Dagoeneko Asturiasko, Gironako eta Vianako printzesa da Felipe eta Leitiziaren alabarik zaharrena.

Errege aldarrikapena ostegun honetan egingo dute, 10:30ean, Diputatuen Kongresuko ekitaldian. Aurretik, Zarzuela Jauregiko Audientzien Aretoan, Juan Carlos aitak kapitain nagusiaren gerrikoa jarriko dio semeari. Ondoren, Diputatuen Kongresura joko du Felipe VI.a errege berriak, Letiziarekin eta bi alabekin batera. Ekitaldi horretan, Sofia ama eta Elena ahizpa izango ditu alboan. Juan Carlos Borboikoa, baina, ez da bertan izango. Honelakoa izango da Felipe VI.aren koroatzea, pausoz pauso.

Abdikazio legea sinatu du Juan Carlos Borboikoak

Juan Carlos erregeak abdikazioaren lege organikoa sinatu du asteazken honetan. Errege Etxean izan den ekitaldian, Felipe semea eta Estatuko erakundeetako 150 bat ordezkari izan dira.

Erregeak besarkada bero bat eman dio Asturiasko printzeari, eta bere aulkia utzi dio, Espainiako Koroaren oinordekotzaren sinbolo modura.

Abdikazioaren lege organikoa sinatu bezain laster, erregea bere lekura itzuli da, eta, Sofia erreginari musua eman eta semea besarkatu ostean, bere aulkia utzi dio semeari.

Ordezkoaren sinboloa indartuta geratu da, minutu batzuen ostean, Juan Carlosek ilobei deitu dienean musu bana emateko: lehenengo Leonorri eman dio, Asturiasko printzesa izango denari, eta, geroago, Sofia infantari.

Bitartean, ekitaldira joan diren 150 pertsonek baino gehiagok, Gobernuko kideek eta Estatuko erakunde guztietako ordezkariek tartean, txalo-zaparrada luze bat eman diote Juan Carlos I.ari.

Autonomia erkidegoetako presidente guztiak, Urkullu eta Mas izan ezik

Presidente autonomiko guztiak, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidentea izan ezik, joan dira erregearen abdikazioa sinatzeko ekitaldira.

Urkullu eta Mas, baina, Diputatuen Kongresuan egongo dira ostegun honetan, Gorte Nagusiek Felipe VI.a nola koroatzen duten ikustera.

Lehendakariak lehengo astean azaldu zuenez, koroatzera "erantzukizun instituzionalagatik" joango da, baina ez da beste ekitaldietara joango. Artur Masek AEBko bidaiaren itzulera aurreratu du, ostegunean Diputatuen Kongresura joan ahal izateko, "errespetu instituzionalagatik".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea