Politika -
Elkarrizketa Youtuben
Urkullu: 'Kutxabankek bertokotasunari eta lan sozialari eutsiko dio'
Youtube bidez egindako elkarrizketan, hainbat erabiltzailek sare sozialetan egindako galderak erantzun ditu lehendakariak.
IKER GOMEZ / EITB.COM
Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzetan, Kutxabanken etekinak "gizarte-lanera" bideratzen jarraituko dira eta etorkizunean ere bankuak "bertokotasuna" mantenduko du.Youtube bidez egindako elkarrizketan, hainbat erabiltzailek sare sozialetan egindako galderak erantzun ditu lehendakariak.
Kutxabanken etorkizunari buruz, egitasmo "pribatua" dela azpimarratu du Urkulluk eta "jabeak" aurrezki kutxak direla nabarmendu du. "Ziur naiz bere etekinak gizarte lanera bideratuko dituela, eta bertokotasuna mantenduko duela", adierazi du.
Bankuak biziko duen prozesuari buruz, Urkullu azpimarratu "legedi bat" badagoela eta "bete egin behar dela".
Bestalde, zerbitzu publikoak pribatizatzearekin ez dagoela ados adierazi du. Gogoratu duenez, bai Osakidetzan eta baita Ertzaintzan ere Lan Eskaintza Publikoak ireki ditu Jaurlaritzak.
Izan ere, Osakidetzako eskaintzari buruz esan du Jaurlaritzak 2011an ezarri zituen irizpideei eutsi egingo diela, irailean prozedura bukatzen den arte.
Felipe VI.aren koroatzea
Bestalde, Felipe Vi.a errege berriaren koroatzera "adeitasunagatik, eta ez ohore egiteko" joango dela nabarmendu du. Urkulluren helburu nagusia errege berriari Estatu eredu berri bat aldarrikatzea izango dela azpimarratu du.
"Euskal herritar guztien lehendakaria" eta ordezkari instituzional moduan joango da Urkullu Estatu buru berriaren koroatze ekitaldira.
Bakegintza
Bakegintzaz galdetuta, "aurrera egiten ari garela" erantzun du lehendakariak. "Bide hau luzea da, oztopoz beterikoa".
"Ahalegin bat behar du, eta helburua zein den argi izatea: bakean bizitzea, baina elkarbizitzarako lan eginez. Eta, beranduago baino lasterrago, lortu ahal izatea espero dut", adierazi du.
Fracking-a eta Garoña
Frackinga Euskadira iritsiko den galdetuta, Urkulluk esan du Jaurlaritzaren Ingurumen politika "oso zorrotza" dela eta Gobernuak ez duela baimenik emango legedi hori betetzen ez duten egitasmoak egiteko.
Garoñari buruz, zentral horretako "bizitza-zikloa" erabat "agortuta" dagoela berretsi du lehendakariak.