Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Estatu-ereduaren eztabaida moderatzea eskatu dio Urkulluk Feliperi

Euskadiren "berezitasunak" kontuan hartzea eskatu dio lehendakariak Espainiako hurrengo erregeari.

Iñigo Urkullu, Radio Euskadin egindako beste elkarrizketa batean. EiTB
Iñigo Urkullu, Radio Euskadin egindako beste elkarrizketa batean. EiTB
''Euskadiren 'berezitasunak' kontutan izatea eskatuko diot Feliperi''

David Perez | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak estatu-ereduari buruzko eztabaida "moderatzea" eskatu dio Felipe Borboikoari, Espainiako hurrengo erregeari.

"Konstituzioaren arabera, estatu-ereduari buruz sor litekeen eztabaida moderatzea dagokio erregeari, eta gero eta ahots gehiago daude estatu-eredua aldatzearen alde", adierazi du "Boulevard" Radio Euskadiko saioan egindako elkarrizketa batean.

Horren ildotik, estatuburuak Euskadiren berezitasunak "kontuan" izan behar dituela eta eztabaida horri heltzea "beharrezkoa" dela esango dio Felipe VI.ari, "baina betiere errespetu instituzionala oinarri".

Nolanahi ere, Juan Carlos I.aren balizko abdikazioaren berri "duela hilabete asko" jaso zuela esan ostean, orain arte Felipe VI.ak ez duela "Euskadiko arazoak ezagutzeko borondaterik" izan kritikatu du.

Errepublika edo monarkia aukeren arteko eztabadiari dagokionez, erreferenduma deitzearen alde agertu da Urkullu: "Beti esan dugu ona litzatekeela herritarrei hitza ematea, erakundeak propio sentitzeko".

Halaber, Juan Carlos I.ari babes judizial berezia ematea zentzugabea dela esan du: "Orain arte egin duen guztia babestuta dago, eta hemendik aurrera egingo duena ere babestea... Errespetu osoz esango dut, adin horretako pertsona batekin ez dakit zentzurik ote duen".

"Azkenera" eramango du autogobernuaren erreforma

Bestalde, Euskadiren estatus juridikoaren erreforma "azkenera" eramango duela aurreratu du Urkulluk, "Madrilekin akordiorik ez egon arren". Horren harira, erreforma horren "oinarriak" subiranotasun handiagoa lortu ahal izatea eta erabakitzeko eskubidea legedian gaineratu ahal izatea izan behar direla esan du. Eusko Legebiltzarrean autogobernuari buruzko lantalde bat sortu dutela gogorarazi du, eta bertan alderdiek "etorkizuneko proposamenak" aurkeztea espero duela erantsi du.

Autogobernuaren arloan akordioak lortzeko erraztasun handienak EH Bildurekin izango ote dituen galdetuta, "abertzaleon artean interpretazioak nazio sentimenduan oinarrituta egitea errazagoa da", aitortu du Urkulluk, baina herrialde ereduaren eztabaida "ez da nortasun ikurren ingurukoa bakarrik", ohartarazi du. Horren ildotik, EAJren eta ezker abertzalearen eredu sozialen arteko aldea "erraldoia" dela azpimarratu du.

Eragindako minaren aitorpena eta bisita Zaballako espetxera

ETAk "eragindako min bidegabea" aitortu egingo duela uste du Urkulluk, eta joan den astean, Parisen egindako epaiketa batean, Igor Suberbiola ETAko buruzagi ohiak "kalte-ordainak" ematearen alde egin izana "garrantzitsua" dela nabarmendu du.

"Presoek bide hori egin behar dute, bide hori egiteko deia egiten diet", aldarrikatu du.

Testuinguru horretan, "gaur bertan" Zaballako espetxera "bisita pribatua" egingo duela iragarri du Urkulluk, gizarteratze helburuarekin lotuta.

Lehendakariak ez du zehaztasun gehiagorik eman bisita horren inguruan, baina espetxeko "hezitzaileek gonbidatuta" eta espetxeen kudeaketa Espainiako Gobernuari dagokiola jakinda joango dela argitu du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Non dago errege emeritua? Iñigo Urkullu Lehendakaria Espainiako Felipe VI.a bideoak