Politika -
Eztabaida Radio Euskadin
EAJ: 'Konstituzioaren erreforma topagune izan liteke'
Halaber, Oskar Matutek (EH Bildu) "haustura demokratikoaren" alde egin du. Pastorrek, ordea, esan duenez, bere alderdia "prest dago Konstituzioaren erreformaren inguruan eztabaidatzeko".
Erredakzioa
Joseba Egibar EAJren bozeramalearen ustean, Konstituzioa erreformatuz gero, berezko izaera duten subjektu politikoak onartu beharko lituzke (Euskadi eta Katalunia) eta aukera bat izan liteke "topagune bat bilatzeko, Estatuarekin bat egiteko, modu askean, ez inposaketaren bidez".
Radio Euskadin izandako eztabaida politikoan, Joseba Egibarrek Felipe VI errege berriaren izendapena izan du hizpide; bere ustean, garai berri bat hasiko da, eta Konstituzioaren erreformari eta lurralde ereduari ekin ahal izango zaie, "errege berriak gogoan duelako afera hau existitzen dela".
"Negoziazio prozesu bat zabal liteke borondate politikoa badago, bertan (EAEko) herritarrek modu aske eta demokratikoan erabaki ahal izango dute. Nazionalistak sentitzen garen euskal herritarrok berezko Estatua nahi dugu, eta argi dago Errepublika litzatekeela", esan du Egibarrek.
Halaber, Oskar Mautek (EH Bildu) "haustura demokratikoaren" alde egin du. Matuteren iritzian, koroatze berria "aurreko erregearen lana egonkortu nahi duen iruzurra da; ez dugu ulertzen zergatik joango den lehendakaria (koroatze ekitaldira), herri honen gehiengoak Borboiak eta Estatu eredua kritikatzen dituenean".
Jose Antonio Pastorrek (PSE-EE), ordea, esan duenez, bere alderdia "prest dago Konstituzioaren erreformaren inguruan eztabaidatzeko. Guk federalismoaren aldeko apustua egin dugu, baina ezin dugu galdu garai honek emandako alde ona, ezin dugu zerotik hasi".
Iñaki Oyarzabalen (PP) esanetan, koroaren ondorengotza "naturala da, aitak eman eta semeak jaso, eta ez da Estatu eredua aldatzea. Trantsiziotik datorren adostasun prozesua zapuztuko genuke. Ondo legoke EAJk herritarrei azalduko balie eskubide historikoak Koroarekin egindako paktuei esker mantendu direla".