Politika -

Akordioa

Vital Kutxaren eta BBKren kontseiluek fundazio bihurtzea onartu dute

BBK-k eta Vitalek batzarrak egingo dituzte ekainaren 30an, prozesuari oniritzia emateko. Kutxak, aldiz, ekainaren 20ko ohiko batzarrean eztabaidatuko du gaia.

Hiru euskal aurrezki kutxek Kutxabanken akzioen % 100 dute. EiTB.
Hiru euskal aurrezki kutxek Kutxabanken akzioen % 100 dute. EiTB.
Hiru euskal aurrezki kutxek Kutxabanken akzioen % 100 dute. EiTB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vital Kutxako eta BBKko administrazio-kontseiluek fundazio bihurtzeko batzar orokorrak ekainaren 30ean egitea adostu dute.

Arabako kutxaren iturriek azaldu dutenez, EAJk, PSEk eta PPk sinatutako itunak akordioa posible egin du; izan ere, Vital Kuxa fundazio bihurtzearen aldeko botoa eman dute.

Horrela, alderdi horietako 10 ordezkariek aldeko botoa eman dute. EH Bilduk, ostera, kontrako botoa eman du eta hiru abstentzio izan dira.

Era berean, BBKko Administrazio-kontseiluak fundazio bihurtzea onartu du. 12 ordezkarik aldeko botoa eman dute eta hiru abstentzio izan dira. Proposamena ekainaren 30eko Batzar Nagusian bozkatuko dute.

EAJ-PSE akordioa

EAJk eta PSEk BBK, Vital eta Kutxa euskal aurrezki kutxak banku fundazio bihurtzeko akordioa sinatu dute. Bi alderdiek inbertsio guztiak "adostasunez erabakitzeko" konpromisoa hartu dute, fundazio berriek Kutxabanken duten parte-hartzean aldaketarik ez egoteko.

Ondorioz, eta akordioaren testuaren arabera, EAJk eta PSEk Kutxabanken akzioen jabetzan eman daitezkeen aldaketak kontrolatuko dituzte, bankuak EAEn duen "errotzea" gal ez dadin.

"Fundazioek lehengo aurrezki kutxen funtsari eta izaerari eustea, eta gobernu organoek errealitate soziala eta Euskadiko lurraldeen sentsibilitatea islatzea nahi dugu", esaten du testuak.

BBK, Kutxa eta Vital aurrezki kutxa publiko izateari utzi behar diote aurten, derrigorrean, eta ezin dute Kutxabanken kapitalaren % 50 baino gehiago eduki.

Gaur egun, BBK-k akzioen % 57 dauka, Kutxak % 32 eta Vitalek gainontzeko % 11.

Helburuak eta konpromisoak

EAJren eta PSEren arteko itunak lau helburu ditu, tartean, "gizarte ekintza bermatzea, hori baita fundazio bihurtuko diren aurrezki kutxen oinarrietako bat".

Horrez gain, akordioan EAJk PSErekin hartutako konpromisoa agertzen da: Kutxa eta Banku Fundazioen Euskal Legearen proiektuaren lehen zirriborroa helaraztea eta Legebiltzarrean onartu aurretik negoziatzea, alegia. Konpromiso hori irailerako hartu du, "beranduenez".

Kutxaren kasua

Kutxari dagokionez, egoera konplikatuagoa da, fundazio buhurtzeko prozesuak EH Bilduren oposizioa duelako.

Ekainaren 20an ohiko batzarra egingo dute eta eguneko egitarauan fundazio bihurtzea eztabaidatzea agertzen da. Kutxako zuzendaritzak prozesua urtea bukatu aurretik egiteko beharra azalduko du bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea