Politika -
123 kilometro
150.000 lagun baino gehiago erabakitzeko eskubidearen alde
Ekimen honek "mugarria ezarriko" duela nabarmendu dute antolatzaileek. "Herri bat gara. Erabakitzeko eskubidea dugu. Herritarren garaia da. Hori da gure mezua", esan dute.
Iker Gonzalez | eitb.com
Erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katea bultzatu duen Gure Esku Dago ekimeneko kideek zabaldutako datuen arabera, 150.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute gaurko ekintzan (parte-hartzaileak kilometroz kilometro zenbatu dituzte); halere, kilometro batzuetan izan diren pertsonak zenbatu gabe daude, beraz baliteke gehioago izatea.
Angel Oiarbide ekimenaren bozeramaileetako baten esanetan, oso jendetsua izan da herritarrek emandako erantzuna, "kalera irteteko zain, hamarkadak daramatzatelako", alegia, "aldarrikapen demokratiko bat egiteko: herri bat garela, erabakitzeko eskubidea dugula eta hau dela egiteko momentua".
Oiarbidek azaldu duenez, ekimena prestatzen hasi zirenean, herritarrak "lur jota zeuden, ez ziren besteekin hitz egitera ausartzen, aurreiritziak zituztelako" eta, urtebeteren ondoren, "harremanetarako zubiak eraiki dira", eztabaidetan eta topaketetan parte hartu dutenen artean, eta "jarrera aldatu egin da".
Horrez gain, zehaztu duenaren arabera, helburua "ez zen abertzaleen indar metaketa lortzea"; giza kateak aldarri "demokratikoa" egin du, "ez nazionalista", eta kolektiboak "erabakitzeko eskubidearen inguruko topagune" izatea zuen helburu.
Gaurko giza katearen ondoren, esan du Oiarbidek, udal bakoitzean eta parlamentu bakoitzean, "ondokoa entzuten eta kontuan hartzen hasiko dira" ordezkari politikoak.
"Aro berri bati" hasiera ematen dion "mugarri historikoa"
Igande arratsaldean zabaldutako ohar batean, Gure Esku Dago ekimenaren kideek adierazi dute "aro berria hasi dela", giza katearen ostean, Euskal Herrirako: "Egun historikoa izan da, eta herritarrak izan dira protagonistak; etorkizunerako mugarria". Antolatzaileek nabarmendu dute Durangotik Iruñerako 123 kilometroetan "jende desberdinak" elkartu direla, baina "sentimendu berekoak: etorkizuna gure esku dagoelako sentimendukoak".
Gure Esku Dagoren ustez, giza katea hasiera besterik ez da, eta, lehen helburua beteta, "inoiz baino bizitasun handiagoa dugu, erabakitzeko eskubidearen alde aurrera jarraitzeko".
"Mugarria ezarriko du"
Giza katearen antolatzaileek "arrakasta"tzat jo dute erabakitzearen aldeko ekimena eta herritarren ekimenetan "mugarria" ezarriko duela nabarmendu dute.
Ander Larunbek, Gure Esku Dagoko bozeramaileetako batek esan duenez, parte-hartzearen "aurreikuspen guztiak gainditu dira", eta kilometro guztietan herritarrak izan direla esan du.
Larunbek eskerrak eman nahi izan dizkie herritarrei "mobilizazio handiagatik eta etenik gabeko parte-hartzeagatik, erabakitzeko eskubidearen alde".
"Herri bat gara. Erabakitzeko eskubidea dugu. Herritarren garaia da. Hori da gure mezua, mezu sakona, eragina duena, herri honetako herritarrak batzen dituena, jatorri eta maila ezberdinekoak", nabarmendu du.
Gainera, bozeramailearen esanetan, Gure Esku Dago plataformako kideak "oso pozik daude emaitzarekin", baina zehaztu du oraindik ez dutela parte-hartzearen datu zehatzik, eta egunean zehar jasoko dituztela.
Halaber, Larunberen arabera, "kilometro guztietan jendea egon da" eta "guztiek eskuak lotu ote dituzten konfirmatzeke badago ere", jakin badakite "partehartzea handia izan dela".
"Helburua aise gainditu da", azpimarratu du Larunbek. Gainera, "egunean zehar istilurik" ez dela egon esan du, "herritarren -horietako asko anonimoak- jarrera positiboa eta adimentsuari esker".
Irakurritako agiria
Iruñean, Etxarrin, Lazkaon, Bergaran eta Durangon irakurri dute antolatzaileek aukeratutako bost ordezkariek gaurko mezu nagusia. Erabakitzeko eskubidea ardatz, aldarrikapenak "zilegitasun demokratikoa" duela jaso du adierazpenak.
"Demokrazia da oinarri hori. Herri honek hiru milioi herritar baldin baditu, herritar horien legitimitatea, zilegitasun hori da erabakia gauzagarri bihurtzen duena. Herritarron gehiengoak determinazioz erabakia zilegi bihurtzen badugu, erabaki hori gauzatu egingo da", dio adierazpenak.
Horrekin batera, Euskal Herriaren "herri" izaera nabarmendu dute ekimenaren bultzatzaileek.
Emozioz beteriko eguna
Suziri batek Durangon eta adarrots batek Iruñean eman diote hasiera Gure Esku Dagok bultzatutako erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimenari, 12:00ak puntu puntuan zirela.
Herri-ekimenaren aurkezpena egin zutenetik urtebete baino gehiago igaro ondoren, 150.000 pertsona baino gehiagok, eskuei helduta, herri bizkaitarra eta hiriburu nafarra lotu dituzte. Antolatzaileek, emozioak gainezka eginda, aurreikuspen guztiak zeharo gainditu direla adierazi dute, azken orduan bat egin duten partehartzaileei esker.
Lehenengo orduan, hiritar asko gosariak, mahaiak, informazio puntuak, txosnak... prestatzen ari ziren, egun historiko honen antolaketan euren ekarpena egiteko.
Beste partehartzaile asko goiz jaiki dira aurretik erositako eta egokitutako kilometroetara heltzeko. Autoen zirkulazio etengabe eta handiaren ondorioz, auto-pilaketak izan dira Elorrio eta Durangon, eta ibilgailuetako batzuk ordubete ez aurrera ez atzera egin ezinik geratu dira, baina ez da oztopo izan euren tokietara hel zitezen.
Lehen eta azken kilometroak
Durangon, lehenengo kilometroak honako herritarrek osatu dituzte: Iñaki Gorritxategi 83 urte, gerrako umea; Maribi Estankona 71urte, durangarra, Durangoko ikastolako sortzailea eta andereño; Rakel Odiaga, 50 urte, Berbaroko (Durangoko euskara elkartea) langilea eta Durangoko Gure Esku Dago-ko kidea; Peru Arrasate, 20 urte, kazetaritza ikaslea; Xabier Barreña, 14 urte Bertso eskola bateko kidea eta Izar Zubiaga, 7 urte, ikastolako ikaslea, besteak beste.
Horrela, giza kateak mendiak, aranak, bideak, errepideak, herriak eta hiriak zeharkatu ditu, historian ibilbide luzea izan duen erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria egiteko.
12:30ean, giza katea bukatu egin da eta jaiei eta ospakizunei ekin diete herritar eta partehartzaileek, Iruñean, Etxarrin, Lazkaon, Bergaran eta Durangon.
Partehartze zabala
Zenbait alderdi politikoren ordezkariek bat egin dute giza katean. Horrela, ezker abertzaleko kide ugari ikusi izan dira, esaterako, Hasier Arraiz (Sortu) eta Pello Urizar (EA), Sabino Cuadra eta Xabier Mikel Errekondo (Amaiur) diputatuak, baita Juan Karlos Izagirre (Bildu) Donostiako alkatea ere, besteak beste.
Halaber, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusia eta Ahal Dugu eta Ezker Batua-Berdeak alderdietako kideak giza katearen parte hartzaile izan dira. Diada dela eta iaz Katalunian egindako giza katean parte hartu zutenetako batzuek ere euskal herritarrek osatutako giza katean parte hartu dute, besteak beste, Joan Tarda ERCko kideak.
Gainera, Carlos Garaikoetxea lehendakariak eta Jose Luis Uriz PSCko kideak katea osatzen lagundu dute baita ere.
Azkenik, aldarrikapenean Patxi Lopezen garaiko Gobernuaren kideak ere ikusi izan dira, adibidez, Gemma Zabaleta. ELA, LAB eta Euskadiko CCOO sindikatuek ordezkaritza bidali dute, Adolfo Muñoz 'Txiki', Ainhoa Etxaide eta Garbiñe Espejo kideekin, urrenez urren.