Politika -
Justizia unibertsala
Auzitegi Nazionalak Couso kasuarekin jarraitzeko baimendu du Pedraz
Magistratuek Fiskaltzak Pedrazi kasua ixteko eskatuz aurkeztutako helegitea baztertu dute.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionaleko zigor-arloko salak Santiago Pedraz epaileari babesa eman dio, Jose Couso kamerariaren heriotza ikertzen jarrai dezan. Couso 2003an hil zen Iraken, Ameriketako Estatu Batuetako tropak Bagdadera sartu zirenean.
Bileran zeuden hamasei magistratuek Fiskaltzak aurkeztutako helegitea baztertu dute. Bertan, Pedrazi kasua ixteko eta Auzitegi Nazionalari artxibatzeko eskatzen zuen.
Martxoaren 17an, Pedrazek kasua artxibatzeari uko egin zion, Diputatuen Kongresuak jurisdikzio unibertsala murriztea onartu izana Genevako Laugarren Hitzarmenaren aurka doala iritzita. Azken horrek gatazka armatuetan pertsonen eta babestutako ondasunen aurka egindako delituak jarraitzea derrigortzen du.
Araudi berriaren arabera, Espainiako auzitegiek hiru kasutan soilik azter ditzakete jurisdikzio unibertsaleko kasuak: ikertuek nazionalitate espainiarra dutenean, Espainian bizi direnean edo delitua Espainian egin zela esateko susmoak daudenean.