Politika -
Erregeak kargua utzi du
'PSOE errepublikanoa da, baina Koroarekin konpromisoa hartu zuen'
Patxi Lopezek azaldu duenez, PSOEren "arima errepublikanoa" da, baina "intentsitate maila ezberdinekin" bizi da, eta diputatu sozialisten artean iritzi kontrajarriak egoteko aukera onartu du.
Erredakzioa
Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak bera eta bere alderdia errepublikanoak direla adierazi du, baina Trantsizio garaian PSOEk monarkia onartzeko konpromisoa hartu zuela azpimarratu du.
"Errepublikanoa naiz", eta PSOE ere bada, "baina Trantsizioaren hasieran monarkia onartzeko konpromisoa hartu zuen, estatu demokratikoa eta soziala garatzeko eta askatasuna, berdintasuna eta justizia soziala defendatzeko aukera emateko baldintzarekin".
"Errepublikako ideiak dira niri axola zaizkidanak", esan du Lopezek Radio Euskadin. Horren harian, Espainiak "ideia horiek sendotu" egin dituela esan du, "zuzenbidean oinarritutako herri sozial eta demokratikoa osatuta".
PSE-EEko idazkari nagusiak azaldu duenez, PSOEren "arima errepublikanoa" da, baina "intentsitate maila ezberdinekin" bizi da, eta abdikazioaren erreforma konstituzionala bozkatzeko orduan, diputatu sozialistek aukera ezberdinen alde egiteko aukera dagoela onartu du.
EAJ eta monarkia
Lopezen ustez, Iñigo Urkullu lehendakariak monarkiari "berez ez dagokion papera" eman zion "erregetzaren inguruan ituna zegoela esan zuenean, XIX. mendean egongo bagina bezala", eta horri "antzinatasun kutsua" hartu zion.
"Koroari, monarkiari eta erregeari garrantzi handiena eman diona EAJ izan da, atzo egindako adierazpen guztietan", kritikatu du.