Politika -
Erregearen abdikazioa
Milaka lagun kalera irten dira, errepublikaren alde
Estatuko hainbat hiritan egin dituzten protestak, tartean Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Parisen, Bruselan, Porton eta Berlinen ere elkarretaratzeak izan dira.
Erredakzioa
Estatu osoko hirietan elkarretaratze jendetsuak egin dituzte astelehen honetan errepublikaren eta monarkiaren inguruko erreferendumaren alde, Juan Carlos I.a erregeak Koroari uko egitea erabaki ostean. Besteak beste, Madrilen, Bartzelonan, Sevillan, Valentzian, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egin dituzte protestak. Parisen, Bruselan, Porton eta Berlinen ere elkarretaratzeak egon dira.
Hainbat gizarte eragilek eta alderdi politikok deitu dituzte elkarretaratzeak, tartean Izquierda Unidak, Alternativa Republicanak, Ahal Duguk, Equok eta ERCk. Euskal Herrian, EH Bilduk ere deialdia egin du.
Elkarretaratzerik jendentsuena Madrilen izan da, Sol plazan. Bertan, 10.000 lagun bildu dira, Poliziaren datuen arabera. Gobernuak bertan duen Ordezkaritzari ez zaio deialdiaren inguruko baimenik iritsi, eta, beraz, ''legez kanpokoa'' zela ohartarazi dute.
Hala ere, lasaitasunean joan da ekitaldia, bandera errepublikanoz jantzita. Besteak beste, Izquierda Unidako Cayo Lara eta Equo alderdiko Juan Lopez de Uralde izan dira bertan.
Beste hiri batzuk
Bartzelonan, berriz, 5.000 lagun elkartu dira Katalunia plazan, Udaltzainen arabera. Bandera errepublikanoekin batera, ''A9: Bozkatu nahi dugu'', leloa zuten pankartak ere erakutsi dituzte, galdeketari erreferentzia eginda.
Estatuko beste hainbat hiritan ere kalera irten dira hainbat herritar; Tarragonan, Gironan, Lleidan, Sevillan, Alacanten, Zaragozan, Granadan, Salamancan eta Burgosen, besteak beste.
Euskal Herria
Euskadiko hiru hiriburuetan ere 3.000 bat pertsona bildu dira, EH Bilduk eta errepublikaren aldeko kolektiboek deituta.
Ekitaldirik jendetsuena Bilbon izan da, bertan 2.000 bat pertsona elkartu baitira Arriaga Plazan. EH Bilduk deitutako ekitaldia izan da hasieran, independentziaren aldeko pankartarekin. Bertan izan dira, besteak beste, Maribi Ugarteburu eta Oskar Matute. Ordu erdi geroago, EH Bilduko deialdiari talde errepublikanoena gehitu zaio, ''Errepublikaren alde'' lelopean.
Donostian eta Gasteizen ere protestak izan dira. Donostiako ekitaldian 200 bat lagun bildu dira; Hasier Arraiz, Joseba Permach eta Joseba Alvarez, tartean. Gasteizen, berriz, 300 bat pertsona elkartu dira, EH Bilduren deialdian. Ondoren, jende gehiago batu da bertara, eta, Bilbon eta Donostian bezala, errepublikaren aldeko oihuak egin dituzte.
(Bilboko ekitaldiaren irudia)
Iruñean, 500 bat lagun elkartu dira, Merindadeen plazan. Bertan bildutakoen artean, Izquierda-Ezkerrako eta Geroa Baiko ordezkariak izan dira.
90.000 sinadura erreferenduma eskatzeko
Ia 90.000 pertsonak sinatu dute monarkiaren eta errepublikaren artean aukeratzeko erreferenduma antolatzearen alde Interneten. 19:00etarako, 74.000 sinadura jaso ditu Avaaz.org-ek herritarrei ahotsa emateko, eta Change.org-en 12.200 bat bildu dituzte ordurako.