Politika -

Bost eurodiputatu

Ahal Duguk dio urte eta erdi barru prest egon daitekeela gobernatzeko

Pablo Iglesiasen hitzetan, urte eta erdi barru alderdia prest egon daiteke gobernatzeko, ''kasta-alderdietako'' ordezkariak baino jende trebatuagoarekin.

Ahal Dugu herri mugimenduak emaitzen balorazioa egin du

0:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Iglesias Podemos-Ahal Dugu alderdiko buruak dio urte eta erdi barru prest egon daitezkeela gobernatzeko, ''kasta-alderdietako'' ordezkariak baino jende ''trebatuagoarekin''. Espainiaren egoera hobetzeko eta ''politika munduko taula goitik behera'' aldatzeko gai izango direla uste du Iglesiasek.

Hala adierazi du Madrilen, alderdiko gainerako eurodiputatuekin batera, eskainitako prentsaurrekoan. Agerraldi horretan Europako hauteskundeetako emaitzak baloratu dituzte. ''Zinikoak garaitu ditugu'', esan du. Hala ere, Iglesiasek adierazi du emaitza itxaropentsua dela, ''baina ez nahikoa''.

"Oraindik ez dugu gure helburua lortu. Ez ginen jaio pasadizozko alderdia izateko bakarrik. Aldaketa politikoan parte hartzeko sortu ginen'', esan du. ''Norabidea aldatzeko garaia da'', azpimarratu du.

Iglesiasek dioenez, hauteskunde hauek agerian utzi dute babes sozial handia dutela, eta herritar asko Ahal Dugu alderdiak defendatzen duenarekin bat datozela.

Villarejok eserlekua utziko du ustelkeriaren kontrako zuzentaraua aurkeztu ostean

Carlos Jimenez Villerejo ustelkeriaren kontrako fiskal ohiak Ahal Dugu alderdiarekin lortutako Europako eserlekuari uko egingo dio, alderdiak bertara eraman nahi duen ustelkeriaren kontrako zuzentaraua aurkeztu ostean.

Europako hauteskundeetarako Ahal Duguren zerrendan hirugarren dago Villarejo, eta bere izena darama zuzentarauak. Iglesiasek gogoratu duenez, aurretik iragarri zuen arrazoi pertsonalengatik eserlekua utziko zuela, proiektua aurkeztu ostean.

Erretako edukiontziak

Bestalde, Bartzelonako Can Vies erakinaren inguruan piztutako istiluen inguruan ere galdetu diote Iglesiasi, eta Ahal Dugu alderdiko buruak esan du erretako edukiontzien irudiak ez zaizkiola inori gustatzen.

"Sutan dauden edukiontzien irudia ez zaigu gustatzen, baina arazoa ez da horiek sutan erretzea. Arazoa da jendea egotea edukiontzietan janari bila'', esan du Pablo Iglesiasek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea