Politika -

Europako hauteskundeak

Sozialistak hankaz gora, Europako hauteskundeetako zartadaren ondorioz

Rubalcabak Europako hauteskundeetako emaitzen ardura nagusia bere gain hartu eta kargua utziko duela iragarri ondoren, Euskadi eta Nafarroako sozialistek ere zuzendaritza berritzea erabaki dute.

PSOEren idazkari nagusia nola aukeratu, eztabaidagai

IKER GOMEZ / EITB.COM

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskunde gaueko titular potoloena izan zen: popularrek eta sozialistek ia 5 milioi boto galdu zituzten Estatuan, besteak beste, Ahal Dugu eta UPyD alderdi txikien mesedetan.

PPk eta PSOEk izan dituzten erreakzioak oso ezberdinak izan dira: Rajoyk eta bere ministroek behin eta berriro esan dute Europako hauteskundeak ezin direla hauteskunde orokor batzuekin alderatu eta ez dutela Espainiako Gobernuan aldaketarik egingo. Sozialisten kasuan, emaitzek hankaz gora utzi dute alderdia.

Aurreneko pausoa Rubalcaba idazkari nagusiak eman zuen. Emaitzak ezagutu eta 15 ordura, agerraldia egin zuen, emaitzen ardura bere gain hartzeko eta sozialisten ezohiko bilkura iragartzeko: sozialistek uztailaren 19an eta 20an aukeratuko dute Rubalcabaren ondorengoa.

Idazkari nagusi berria izateko lasterketa horri begira, izen batzuk entzun dira dagoeneko: Susana Diaz Andaluziako sozialisten idazkari nagusia, Pedro Sanchez Madrilgo diputatua, Eduardo Madina eta Patxi Lopez, besteak beste. Nolanahi ere, oraindik inork ez du bere hautagaitzaz argi hitz egin.

Aukeraketa egiteko erabiliko duten sistemaren inguruan ere polemika piztu da. Eduardo Madina, Pedro Sanchez eta Carme Chacon hauteskunde primarioak egitearen alde agertu dira. Horrela, PSOEren 250.000 militanteek aukeratuko lukete Rubalcabaren ondorengoa, eta ez bakarrik Kongresuko 1.000 ordezkariek. Bere garaian, Galiziako sozialistek prozesu hori erabili zuten bere zuzendaritza berritzeko.

Beste batzuk PSOEko mila delegatuek bakarrik bozkatzearen aldekoak dira. Ramon Jaureguik gaur bertan esan du militanteek aukeratu dituztela mila ordezkari horiek eta, hortaz, baztertu egin du militanteek bozkatu behar izatea.

Euskadiko sozialistek ere makilakada handia jaso zuten igandeko hauteskundeetan, eta, horrez gain, autokritika egiten hurrengoak izan ziren: Patxi Lopez lehendakari ohiak, hamabi urtez PSE-EEko idazkari nagusi izan denak, bilkura irailean egitea proposatu zuen, eta hautagaitzarik ez duela aurkeztuko iragarri zuen. Hori bai, Rubalcabaren ondorengoa izateko lasterketan izango den ez zuen argitu.

Berehala, Idoia Mendiari begiratu zioten denek. Lopezen ondoan izan zen lehendakari izan zenean, baita alderdiko idazkari nagusi izan den bitartean ere. Hala ere, Mendiak ez du oraindik adierazpenik egin, eta Lopezek gogoratu du kargua ez dela "herentziazkoa", militanteek aukeratuko dutelako idazkari nagusi berria, ez alderdiko zuzendaritzak.

Nafarroan, Roberto Jimenezek hauteskunde primarioak egitea proposatu zuen, Rubalcabaren agerraldia izan eta hiru ordura. Bi arrazoi eman zituen: PSNk hauteskundeetan izandako "emaitza txarrak" eta iragan martxoan Barcinaren aurkako zentsura-mozioaren inguruan PSOErekin izandako liskarra. Nafarroako sozialistek alderdia berriztatuko dute aurten, ezohiko bilkura batean. Data alderdiko zuzendaritzak jarri beharko du orain.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea